Gure Esku Dagok etzi Lazkaoko Arerian aurkeztuko du 2016ko ekaineko galdeketari buruzko dokumentala. Gattiken ekoiztetxeak egin du 'Helmugaren garrantzitsuena bidea denean' lana.
Hedabide-etxe honetako
Goiberri astekariak 2015eko apirilaren 16an eman zuen primizia: euskal estaturik nahi den jakiteko, galdeketa egingo zuen Goierrin Gure Esku Dagok. 2016ko ekainaren 5ean izan zen kontsulta. Orain, prozesu hura nola izan zen adierazten duen dokumentala aurkeztuko dute. Lazkaoko Areria antzokian da
Helmugaren garrantzitsuena bidea denean ikuskariaren estreinaldia, ostiralean 19:00etan.
Urretxuko Gattiken ekoiztetxeak egin du dokumentala, 33 minutuko iraupenekoa. Galdeketaren prozesuaren azalpen soila egitetik harago, sentimenduei eta barne gogoetei eman die garrantzia, galdeketaren egunean 16 urte bete zituen itsasondoar baten soinetik —bozkatzeko gutxieneko adina 16 urte zen—.
Lazkaon emango dute lehenengo aldiz dokumentala. Sarrera libre izango da, Areria antzokiaren edukiera bete arte (356 ikusle sartzen dira).
Lehenbizi, Gure Esku Dagoren ordezkari batek hitzaurrea egingo du, 5-10 minutuan. GED-ren 2017rako erronkak aurkeztuko ditu, eta iazko urtearen balorazio bat ere bai, «oso labur». Ikasturteari etzi ekingo dio Goierriko Gure Esku Dagok, geldialdi baten ondoren.
Jarraian pantaila handian emango dute
Helmugaren garrantzitsuena bidea denean ikuskaria. Saioak, denera, ordubete inguru iraungo du.
Herrietan ikusgai gero
Estreinaldia etzi Lazkaon egin ondoren, otsailaren 18tik martxoaren 12ra bitarte, Goierriko herrietan antolatuko ditu Gure Esku Dagok emankizunak. «Bide batez, batzarrak egingo ditugu herrietan,
Prest ibilbide-orria aurkeztuz».
Publikoki, modu irekian martxoaren 13an jarriko dute ikusgai, Interneten. GOIERRIKO HITZAk izango du esklusibitatea egun hartan. Urteko lehenengo galdeketak martxoaren 19an dira. Prozesua ez baita bukatu.
«Norberari pentsaraziko dion ikuskari bat sortzen saiatu gara»
Alex Areizaga (Dokumentalaren egilea)
Zer jaso duzue ‘Helmugaren garrantzitsuena bidea denean’ dokumentalean?
Goierrin galdeketak izan zuen prozesua islatzen du, hasierako pausoetatik bukaerara. Horretarako, galdeketaren egunean 16 urte bete zituen Itsasondoko mutiko batengan oinarritu ginen, Mattinengan. Bera da protagonista, bere bidez galdeketaren prozesuari lotuta doan gogoeta bat planteatzen dugu.
Berak bozkatu ahal izango zuen, orduan?
Hori da. Bozkatzera goizean joan zen, eta zer bozkatu behar duen ulertzeko gogoetatxo bat egiten du. Bere barne bidea islatzen du, eta, aldi berean, galdeketaren kanpo bidea: zer pauso eman diren, batzarrak, Goierriko hautetsien Aramako adierazpena, Larraitzekoa, Legazpiko galdera…
Prozesua eta aurrekariak aspaldi hasi ziren, 2007an. Zuek zer zati hartu duzue lanerako?
Gu azkeneko prozesuan zentratu gara, urtebete pasatxoko denboran: galdeketa egingo zela esan zenetik. Atzera begiratu bat egin dugu, baina hor dira Gazta zati bat dokumentala eta egindako lan bat ere. Gu galdeketan zentratu gara, beste eskualde batzuei ere erakusteko hemen zer pauso eman diren. Horretarako ere balio dezake, bide batez.
Gattikenek nola garatu du gaia? Zer zailtasun izan duzue?
Bereziki zaila ez da izan. Ekintza-plan bat zehaztuta zeukan Gure Esku Dagok, eta horri jarraitu diogu, ekitaldiak garatu ahala grabaketak eginez. Hori bai, forma polit bat eman nahi izan diogu, azkenean, gogoeta ere polita izan dadin. Norberari pentsaraziko dion produktu bat izan dadin saiatu gara. GED-ren aldetik laguntza osoa izan dugu. Planteamenduan ere asmatu genuen; gidoi bat egin, haiei gustatu, eta nahiko ondo joan da. Azken lana produktu goxo bat da, ez da azalpen bideo bat.
Sentimenduetara jo duzue?
Hori da. Saiatu gara barrenera joaten, pentsarazten. Nolabait, mutiko horren gogoeta bat da, bere hausnarketa bat.
Galdeketaren egunean bukatzen da dokumentala ere?
Bai, nolabait horrek ixten du zikloa. Baina, era berean, ikusten da garrantzitsuena bidea de-nean, ez dela berez galdeketaren egunean bukatzen. Jarraitzen duela prozesuak, helmuga ez delako garrantzitsuena, egiten duzun bidea baizik; eta horrek jarrai dezake. Dokumentalaren tituluak hori esan nahi du.
Bidea dela garrantzitsuena.
Bai. Prozesuaren helburua ez da galdeketa bat egitea, eta kito. Honaino ekarri gaituena da funtsa, pasatu ditugun orduak, jendearekin egon garen momentu guztiak, bizi izan dugun sentimendu sorta. Hori da prozesuan izan den garrantzitsua.