Ordiziako udal gobernuak agerraldia egin du aurrekontuen aurrean oposizioak izandako jokaera baloratzeko. Santamariak lan egiten uzteko eskatu dio oposizioari
Ordizian martxoaren 9an egindako udalbatzan, 2017rako aurrekontua aurkeztu zuen udal gobernuak. EH Bilduko bost zinegotziek eta Ordizia Oraineko biek, ordea, ezezko botoa eman zioten EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako proposamenari. Hortaz, udal aurrekontua ez zen onartua izan. Horren aurrean, udal gobernuko kideek agerraldia egin zuten udaletxean atzo, eta «oposizioak herritarren gainetik interes politikoa lehenetsi» dutela salatu zuten.
Ordiziako udal gobernukoak haserre agertu ziren «oposizioa erakusten ari den jokaerarekin». Hala ere, horrelako jarrera «espero» zutela gehitu zuten. Oposizioak «inongo ekarpenik egin ez» izana eta helburuak «ezer egiten ez uztea» eta gobernu taldeari «oztopoak» jartzea direla leporatu zien Jose Miguel Santamaria alkateak.
Horrez gain, aurrekontu proposamena «auzoetan, sareetan eta aholku batzordeetan herritarrekin eta udal teknikariekin, errealitatearekin egonda» egin dutela nabarmendu dute eta orain, «lana zakarrontzira botatzea nahi dute». Oposizioak, «gainontzekoek bezala», urtarrilaren 23tik izan dute aukera beraien ekarpenak egiteko, baina «mutu» egon direla adierazi dute.
«Egindakoarekin harro»
Joan den urteko proiektuen %92 exekutatu zirela argitu du udal gobernuak, «oposizioak aipatutakoak barne, kontrakoa badiote ere». Gainera, Ordiziako udal gobernua «harro» dago momentura arte egindako lanagatik: atez atekoa «ahal zen denbora laburrenean zailtasun ugariak gaindituz» ordezkatu izanaz; Majorin inbertsio berriak egiteko laguntzak eskuratzeko «denbo- rarekin jokatu» izanaz; 2012an inauguratutako Garbigunea eta CAF lantegiko ingurua «legeztatu» izanaz; eta Plan Orokorraren aurrerapena aurreko abenduan aurkeztu izanaz.
Legealdi honetan, «hasieratik erdizka jasotako hainbat proiektu legalizatu eta eguneratu behar izan» dutela nabarmendu zuen Santamariak. Proiektuei dagokienez, gehienak bideratzen ari direla gehitu zuen eta oposizioari eskatu zion «EH Bildu lau urtetan egiteko gai izan ez dena sei hilabetetan egitea» ez exijitzeko.
Ondorioak
Oposizioak aurrekontua atzera bota izanak Ordiziaren garapena «izoztu» egiten duela salatu dute udal gobernuko bi alderdiek eta, horregatik, aurreikusitako hainbat inbertsio aurrera ezingo direla eraman erantsi dute. Besteak beste, «etxebizitzak berritzeko plana, gaztedi plana, energia eraginkortasunerako udal plana Majori kiroldegiko inbertsioak, Altamira kalea berritzea edota antzokiko eta Zuhaizti zentroko inbertsioak» aipatu dituzte.
Dena den, «aurrera ateratzen» saiatuko dira, nahiz eta «oposizioaren ardura falta nabarmena» dela esan. EH Bildu eta Ordizia Orainen helburuak «desgastea eragitea, blokeatzea eta boikota egitea» direla salatu du Santamariak eta horren arrazoia «hauteskundeen atarian ezer» ez dutela egiten esan ahal izatea dela argudiatu dute.