Buztuntza auzoan berriz ere jaiak
Orain dela 25 urte galdu ziren Ordizian Buztuntzako jaiak eta berreskuratzeko ahalegina egin dute auzokoek. Haur, gazte eta helduentzako egitaraua prestatu dute
Ia 25 urte eta gero, Ordiziako Buztuntza auzoko jaiak berreskuratu dituzte auzoko bizilagunek eta gaur emango diete hasiera jai horiei, 18:00etan Buztuntza plazan botako duten suzi- riarekin. Gaur hasi eta igandera bitarte, jai egitarau polita prestatu dute, haur, gazte eta helduen gozamenerako.
Antolakuntzako kidea da Ruth Carrillo eta berak azaldu bezala, «sarri» entzuten zizkieten auzokoei «Buztuntzako aspaldiko jaietako istorioak». Hori horrela izanda, «jaiak berreskuratzea erabaki eta urte hasieratik lanean» dago auzoko jai batzordea. Egitarauari dagokionez, «guztientzako izango diren jaiak» prestatzen ahalegindu dira. Ilusio handiarekin daude, gaur arratsaldeko 18:00ak iritsi eta «jaiei hasiera emateko».
Musa eta paella jana
Gaur, 22:00etan burutuko da Argi-Berri elkarteak antolatutako mus txapelketa azkarra. 22:00etan emango diote hasiera txapelketari. Sariak ondoren-goak izango dira: txapeldunentzat trofeoa eta bi pertsonentzako afari edo bazkari dastaketa Oiangu baserrian; bigarrenentzat, bi pertsonentzako afaria Altamiran. Izena 21:00etatik aurrera eman beharko dira. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du.
Bestalde, paellada herrikoia egingo dute, igandean, 14:30ean, Urdaneta eskolako pilotalekuan. Txartelak salgai daude bost euroren truke. Jai batzordeak argitu bezala, «bildutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da osorik».
Herri lasterketa
Larunbaterako, garai bateko Buztuntzako jaietan ohiko zen herri lasterketa berreskuratu dute. 10:30ean hasiko da. Hiru taldetan banatuko dira, 6-9 urte , 10-16 urte eta 17tik aurrerakoak. Izen ematea 09:30ean izango da.













