Anaitz Goia segurarraren Erasight enpresa berria saritu du Goiekik
Zegamako Arrano enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria jaso du. Goierri Eskolako ikasleen artean Olaran proiektua nabarmendu duteBeasaingo Igartzako jauregia jendez beteta zela, Goiekik enpresa ekimen berrien sari banaketa egin zuen at...
Zegamako Arrano enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria jaso du. Goierri Eskolako ikasleen artean Olaran proiektua nabarmendu dute
Beasaingo Igartzako jauregia jendez beteta zela, Goiekik enpresa ekimen berrien sari banaketa egin zuen atzo goizean. 20. ekitaldia zen atzokoa eta Goiekiko Maialen Sanchezek gogoratu zuenez, 200 bat proiektu aurkeztu dira 20 urteotan enpresa berrien lehiaketara.Sariketako maila desberdinetan proiekturik onenak saritzeaz gain, «eskualdeko enpresek eta sustatzaileek izan ditzaketen ideiak azalarazi eta, era berean, enpresa bihurtzeko tresna bat» izan nahi du Goiekik. Horrekin batera, «eskualdean enplegua eta aberastasuna sustatzeko» helburua ere badute.
Goiekiko Niko Errastik, Goierriko Oscarrak bezala definitu zuen sari banaketa. Azken lau urteetan bezala, hiru sari banatu zituzten. Batetik, urteko enpresa ekimen berriko proiektu onenaren saria, Anaitz Goia segurarrarentzat izan zen; zehazki, martxan jartzen ari den Erasight enpresa. Goierri eta Euskadiko enpresa ehunean datuen azterketa aurreratuen zerbitzuak eta business intelligence eskaintzea da bere helburua.
Anaitz Goia
Goiaren esanetan, «azkenaldian Big data-z denok entzun dugu. Datuen kudeaketa, datuen analisia… eremu horretan kokatzen gara gu. Gure helburua da, Big data analitika aurreratuko soluzioak emanez, enpresei beraien aktibitate komertzial edo industrialean, erabaki egokiagoak hartzen laguntzea». Horretarako teknika desberinak erabiltzen dituztela nabarmendu du: «Analitika aurreratua, analitika prediktiboak, inteligentzia artifiziala eta abar».
Sari bikoitza jaso du Goia segurarrak: 6.000 euro batetik, eta Goiekiko enpresa gunean 6 urtez kokatzeko aukera bestetik. «Sortzen ari den enpresa batentzat beti dago ondo honelako laguntza ekonomiko bat. Baina garrantzitsuagoa da, Goiekik ematen digun aukera horrelako plaza batean egoteko eta enpresek gu ezagutzeko».
Zegamako Arrano
Bestetik, bigarren saria, enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenarena izaten da. Eskualdeko enpresa txiki eta ertainetako produktu, prozesu, merkatu, antolakuntzan eta abarretan berrikuntza sustatzea da sariaren helburua. Aurten, Zegamako Arrano Talleres Electromecanicos enpresa saritu dute.
Tentsio baxu eta ertaineko motor eta sorgailuetan mantenimendu aurretikakoak, prebentiboak eta zuzenketak egiten ditu, eta Arranok azken urteetan enpresan berrikuntzako hainbat proiektu landu ditu prozesuan, produktuan eta zerbitzuan, eta enpresaren kudeaketan. 3.000 euro jaso ditu Zegamako enpresak.
Eta azkenik, Hirugarren saria, duela lau urte martxan jarritako Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako zikloan kultura ekintzailea sustatzeko helburua duen saria izaten da. 2016-2017 ikasturte honetan ikasleak eta enpresak harremanetan jarri dituzte, enpresek planteatu duten behar zehatz baten inguruan bideragarritasun plan bat lantzeko asmoz. Guztira lau proiektu landu dira eta proiektu onenaren saria Olaran proiektuarentzat izan da. Alain Ansotegik, Jorge Santamariak eta Nagore Etxezarretak Beasainen dagoen Olaran eraikinaren bideragarritasuna aztertu dute. Tablet bana jaso zuten.













