Arantza Iglesias: «Dantza garaikidea abstraktuagoa da eta publiko aktibo bat behar du»
Iglesiasek (Lizarra, Nafarroa, 1976) urtebete baino gutxiago egin du Legazpin. Udalak dantza sorkuntzarako espazio bat utzi dio. Bihar 'Obrigada' ikuskizuna eskainiko du.Obrigada eskerrak emateko portugesezko hitza da, femeninoan. Eskerrak eman nahi di...
Nolatan Legazpi?
Orain hamabost hilabete ama izan nintzen eta umearen aitak Zumarragan egiten du lan. Erraztasunak bilatze aldera, moldaketa bat egin genuen gure bizimoduan eta Legazpira etorri ginen bizitzera.
Legazpin zaila egin zait bizitza, bakardade handia sentitu dut lehenengo aldiz nire bizitza osoan. Isilune baten modukoa izan da, negua, amatasuna… Bizipen askok egin dute bat. Alabaina, gauzak zerbaitegatik eta zerbaitetarako gertatzen direlakoan nago eta tarte hau ere baliagarria izan dela badakit.
Dagoeneko ez al zaude Legazpin?
Ez. Bihar dantza egitera joango naiz eta hilabetean behin Zumarragako kiroldegian dantza afrikarrak erakusten izango naiz, baina Legazpin bertan ez naiz biziko.
Dantza afrikarrak?
Bai. Dantza bizimodu bihurtu dut, baina hori egin ahal izateko klaseak dira egonkortasuna ematen didatena. Dantza garaikidean eta afrikarretan egin ditut ikasketak eta haien irakaslea naiz. Orain, Zumaian ikastaro bat egiten ari naiz irailean zehar, abuztuan etena egingo dut eta irailean itzuliko naiz.
Sormena ere lantzen duzu.
Bai, sortze prozesu bati helduko diot abuztuan. Hain zuzen, Ekaitz Ilarmendi argazkilariarekin haren argazkiak eta nire dantza uztartuko ditugu. Madrilgo Jesus Rubio koreografoarekin elkarlanean ari naiz eta Dantza Hirian egitasmoan ere parte hartuko dut
Zerk jarri zintuen dantzan?
Txikitatik landu dudan beste adierazteko modu bat da, beste hizkuntza bat, mugimendu bat. Dantzan eroso sentitzen nintzen, izan ere oso lotsatia nintzen eta dantzaren espazioan askatasuna aurkitu nuen.
Lanbide bihurtzeko kemena izan duzu.
Niretzat dantza elikagai bat da, dantzatu gabe gaixotu egiten naiz. Beste zerbaitekin uztartzea zaila da; izan ere, dantza jardun zorrotza da eta dedikazio osoa eskatzen du. Gurean ez da batere erraza lanbide bihurtzea eta gehienak kanpora joan dira.














