Goierritarrak Kataluniarekin
Ehunka lagun izan dira Beasaingo manifestazioan. Kataluniako erreferenduma bertatik bizi izan dute hainbat goierritarrek. Gaur elkarretaratzeak eta lapiko jotzeak deitu dituzteGoierritar ugarik Kataluniara begira pasa zuen igandea. Eguerdi partean, sof...
Ehunka lagun izan dira Beasaingo manifestazioan. Kataluniako erreferenduma bertatik bizi izan dute hainbat goierritarrek. Gaur elkarretaratzeak eta lapiko jotzeak deitu dituzte
Goierritar ugarik Kataluniara begira pasa zuen igandea. Eguerdi partean, sofatik altxa eta 13:00etan Beasainen ehunka goierritar elkartu ziren Gure Esku Dagok deituta, Herritarron garaia da. Eraiki etorkizuna askatasunez goiburupean egin zen manifestazioan. Gauean, berriz, 22:00etan, kazola hotsak entzun ziren Goierriko hainbat herritan; leku batzuetan lapiko jotzen ibiltariak egin zituzten, eta etxeetatik aritu zenik ere izan zen.Beste goierritar askok, berriz, kataluniarren ondoan bizi izan zuten igandeko erreferenduma. Gure Esku Dagok antolatutako autobusean, 40 goierritar joan ziren larunbatean Bartzelonako Sant Vicenç dels Hors herrira. Bertako familien etxeetan lo egin zuten. Oskar Sotoren esanetan, barru-barrutik bizi izan zuten Kataluniako erreferendum eguna: «Larunbat gauean, 22:00etan, kazolarada egin genuen eta igandean 05:30etarako hauteslekuetan geunden, zaintza egiten». Sant Vicenç dels Horsen «normaltasunez» joan zen eguna: «Guardia zibil bakar bat ere ez genuen ikusi eta mo-ssoek nahiko jarrera lasaia izan zuten». Tentsio gehiena Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak botoa eman behar zuen lekuan bizi izan zutela dio Sotok: «Baina errolda unibertsalaz baliatuz, Junquerasek beste hautesleku batean bozkatu zuen eta ondoren joan zen zegokion hauteslekura. Agerraldi txiki bat egin zuen bertan. Komunikabide asko zeuden bertan, estatukoak eta atzerrikoak».
Kataluniarren eskertza
Gure Esku Dagoko kidearen arabera, kataluniarrek asko eskertu zuten euskal herritarren babesa: «Igandean 04:30ean autobusa hartzeko alde egin genuenean txalo zaparradarekin agurtu gintuzten, votarem oihuekin eta ‘zuek ere bozkatuko duzue’ esanez».
Ikasteko helburua ere bazuen Goierriko Gure Esku Dagoren ordezkaritzak, eta ikasgaia ondo ikasia ekarri dute: «Batetik, oztopo guztien gainetik antolatu dira, eta bakoitzak zeregin bat zuen. Bestetik, beraien artean badituzte desberdintasunak, baina helburu jakin batean aurrean, autodeterminazioaren gaian, indarrak batu dituzte. Guk oraindik muga batzuk gainditu behar ditugu Euskal Herria, hori gertatu ahal izateko». Pilak kargatuta itzuli dira: «Iraultza bat bizitzen ari dira. Oso gertu ikusten dute estatua eraikita. Euskal gizartea mugitu behar dugu, nahiko lo gaude eta».
Hautetsiak
Udalbiltzak antolatuta, aldiz, Euskal Herriko 100 udal hautetsi joan ziren kataluniarrei babesa ematera; tartean izan ziren Segurako Eñaut Telleria eta Zeraingo Arantza Ruiz de Larrinaga alkateak, eta Zegamako bi zinegotzi eta Zeraingo zinegotzi bat. Ruiz de Larrinagaren esanetan, «gu nazioarteko bisitariak bezala joan ginen eta beste herrialde batzuetakoekin batera egon ginen». Larunbatean harrera egin, eta igandean taldeka banatu zituzten herri desberdinetara joateko: «Gu Vic-era eta Manresara joan ginen eta beste batzuk Gironara. Gu egon ginen lekuan arazo informatikoak izan zituzten, baina Gironan bizi izan zituzten arazo gehienak. 15:00etan zuten itzultzeko autobusa eta gelditzeko eskatu zieten babesa ematen jarraitzeko, 21:00ak arte egon ziren, tentsio handia zegoen eta».
Nabarmentzekoa iruditu zaio, «herriak nola defendatu zuen bozkatzeko eskubidea, nola defenditu zituzten hauteslekuak. Antolakunde ikaragarria zuten eskolak eta botoak babesteko… eskola guztietan jende asko egon zen ostiraletik igandeko 22:00ak arte. Tinkotasuna agertu zuten, baina festa zentzua eman zioten, oso baketsua, oso polita».
Zeraingo alkatearen esanetan, «jendea oso hunkituta zegoen elkartasuna eta babesa agertzera joan ginelako; oso eskertuta zeuden. Oso hunkigarria izan zen. Asko eskertu ziguten hara joan izana». Era berean, euren herrialdean ere erreferenduma egina duten Quebec-eko eta Eskoziako lagunekin pasatu zuten eguna, eta Ruiz de Larrinagaren esanetan, «haiek esaten ziguten beraien herrialdeetan erreferendumak egin zituztenean, herritarren artean ez zegoela hain errotuta gaia, eta Katalunian ikusten zutela behetik gora zetorren gauza bat zela, gobernua eta herritarrak bat eginda zeudela. Oso hunkituta zeuden».
Gaur elkarretaratzeak
Gaur greba orokorra dute Katalunian, eta berriz ere kataluniarrei elkartasuna adierazteko eta, demokrazia defendatzeko, gaur, 19:00etan, udaletxe aurreetan elkarretaratzeak antolatu dituzte; 22:00etan, berriz, lapikoak joaz hotsa atera eta itzalaldia egiteko deia egin dute.












