Aurrekontua osatzeko parte hartze prozesua egingo du Ordiziako Udalak
Herritarrek, internet, diptiko, bilera edota jarriko dituzten karpatan eman ahalko dute beren iritzia. Ekarpenak jasotzeko postontziak ere jarriko dituzte
Ordiziako Udalak 2018ko udal aurrekontuen proposamena prestatzeko partaidetza prozesua jarriko du martxan. Herritarren parte hartzea bultzatu nahian, «inbertsioei dagokien zatia non eta nola gastatu erabakitzen laguntzeko» eskatu du Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak. Era berean, «kultura, gizarte ongizatea, euskara, berdintasuna, kirola eta arlo desberdinetan egoera eta beharrak zeintzuk diren hausnartzeko baliokoa izatea» nahi dute udal arduradunek eta ekarpenak «ongi etorriak» izango direla ere esan dute.
Santamariak esan duenez, «errealitatea da 2017ko kontuak onartu gabe daudela». Udala «luzatutako aurrekontuarekin» ari dela nabarmendu du, eta horregatik «gastu arruntak ordaintzeko 2016ko diru kopuru berdina» dagoela ere esan du alkateak. Horrez gain, horrelako egoeran prozesua martxan jartzea «harrigarria» izan daitekeela ere esan du udal gobernuak. Dena den, joan den urtean bezala, «herritarrengandik jasotako proposamenak kontuan hartuko» direla gehitu du Santamariak.
Aurtengo kanpaina, bilera informatiboekin hasiko du udalak. Aurrekontuen inguruan «informazioa eskaini eta bertaratzen diren ordiziarrek esateko dutena entzun, eta elkarrekin, hausnarketa gunea konpartitzeko» izango dela argitu du alkateak. Lehenengo bilera elkarteei eta orohar herritarrei zuzenduta egongo da. Datorren astelehenean, hilaren 6an egingo dute. Bigarrena, jubilatuekin Zuhaizti zentroan egingo dute, hilaren 7an; eta hirugarrena, gazteekin, hilaren 9an, udaletxean. 19:00etan hasiko dira hiruak.
Hobetzeko proposamena
Dena den, deitutako bilerez aparte, ordiziarrek beren ekarpenak egiteko beste bide batzuk ere izango dituzte. Hala, diptiko bat banatuko da etxez etxe datozen egunetan. Herritarrek, mo- du errazean beren iritzia emateko espazio bat izango dute diptiko horretan.
Horrez gain, hurrengo egunetan, hiru gunetan mahaiak jarriko dituzte: hilaren 8an, Plaza Nagusian, 10:30etik 13:30era; hilaren 10ean, Eroski merkatal gunean 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era; eta Majori kiroldegian, hilaren 13an, 16:30etik 19:30era.
Internet bidez ere bai
Mahaietara gerturatzerik ez duenak, internet bidez ere eman ahal izango du iritzia, gaurtik hilaren 20ra bitarte. Horretarko www.ordizia.eus webgunean sartu beharko da. Hori, iritzia emateko gune bat egokitu dute.
Era berean, kutxa bana jarriko dira Zuhaizti zentroan, Majorin, udaltzaingoan eta arreta bule-goan, ekarpenak jasotzeko, hilaren 7tik 20ra.












