Baratze pilotalekuaren aprobetxamendua areagotzeko proiektua
Segurako Udalak sarrerako arkupeak itxiz, bi solairuetan erabilera anitzeko gelak egokituko ditu. Igogailua ere jarriko dute. Foru Aldundiak proiektuaren erdia finantzatuko duSegurako Baratze pilotalekua 1982an eraiki zuten eta pilotalekuak hobekuntza ...
Segurako Udalak sarrerako arkupeak itxiz, bi solairuetan erabilera anitzeko gelak egokituko ditu. Igogailua ere jarriko dute. Foru Aldundiak proiektuaren erdia finantzatuko du
Segurako Baratze pilotalekua 1982an eraiki zuten eta pilotalekuak hobekuntza orokor baten beharra duela uste dute hainbat segurarrek eta Segurako Udalak. Eñaut Telleria alkatearen esanetan, «badira hainbat eremu eraikinean aprobetxatu gabekoak, datozen urteetan horri helduko dio udalak». Honela, «kirol eta ekintza anitzen Segurako gune nagusi» bilakatu nahi dute. Izan ere, Telleriak gogoratu duenez, «badira herrian antolatzen diren zenbait ekimen eta ikastaro, yoga, gimnasia edo pilates adibidez, leku apropos baten gabeziagatik herrian zehar sakabanatuak, eta nahi besteko egoera onean eskaini ezin direnak».Ildo horretan, Baratze pilotalekuaren «sarrera nagusiaren aurreko gune estali baina era berean irekia dena, itxi egingo da. Horrela, beheko solairuan nahiz lehenengoan espazio zabal bana sortuko da». Erabilera anitzeko gelak sortuko dituzte bertan, «beharraren arabera bionbo bidez edo» egokituko direnak. Telleriak gaineratu duenez, «pilotalekuaren erabilera handitzeko eta kirol ekintzak bateratzeko balioko digu, orain arte ia kantxa bakarrik erabiltzen zen eta». Horrekin batera, «aukera emango digu herrian dauden lokalak antolatzeko».
Irisgarritasunari begira, berriz, igogailua jarriko dute gaur egungo eskaileren alboan: «bigarren solairura arteko irisgarritasuna eskainiko du».
Azkenik, lehenengo pisuko komunak ere berrituko dituzte, eta «kantxatik bertara igotzeko dagoen aldapatxoa egokituko da».
Foru aldundiaren laguntza
Kostu handiko obra da Baratze pilotalekuan egin beharrekoa, baina «Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol instalazioetarako ateratako diru laguntzetarako aurkeztua izan zen proiektua eta onartua izan da». 450.000 euro inguruko kostua izango du eta foru aldundiak %50a finantzatuko du eta udalak beste %50a. «Obra handia da eta bi urtean egingo dugu. Mailegua eskatu beharko dugu», zehaztu du alkateak.
2018. urtearen amaierarako edo 2019ko hasierarako lanak bukatuta egotea aurreikusten du udalak.













