«Antolakuntza eredua aldatuko dugu hauteskundeetara begira»
Ahal Dugu alderdiak Ordizian egindako batzar irekian, Goierri eskualdearentzat datozen aldaketen inguruan hitzegindako kontuez aritu da Mila Sukia zinegotzi ordiziarra.Pasa den urtarrilaren 15ean, batzar irekia egin zuen Ordizia- Goierri Ahal Duguk. Ba...
Ahal Dugu alderdiak Ordizian egindako batzar irekian, Goierri eskualdearentzat datozen aldaketen inguruan hitzegindako kontuez aritu da Mila Sukia zinegotzi ordiziarra.
Pasa den urtarrilaren 15ean, batzar irekia egin zuen Ordizia- Goierri Ahal Duguk. Batzar hartan gai ugari landu zituzten. Horien artean, Goierri mailan alderdiak izango duen antolakuntza berriaren inguruan ere aritu ziren. Mila Sukia, Ordizia Orain alderdiko zinegotzia da Ordiziako udaletxean, eta urtarrileko bileran egon zen. Egun hartan hitzegindako gaiez eta orain arte zinegotzi karguan bizitakoa kontatu du.Zer moduz joan zen batzarra?
Oso ondo, uste baino hobeto joan zen. Jende ugari bildu ginen. Bertan izan ziren Maria Valiente, Ahal Dugu alderdiko Batzar Orokorretako ordezkaria, eta Josetxo Arrieta senadorea. Ongi eta luze hitzegin genuen, gai oso interesgarriak jarri genituen mahai gainean. Horrez gain, alderdi beraren tokiko antolakuntza eta lana nola egiten dugun ezagutzera etorri ziren.
Batzarra Goierrin izanda, Goierriko gaiak landuko zenituzten ala?
Tartean bai, alderdiaren antolakuntzari dagokiona batez ere. Hau da, gaur egun, Zirkuloek duten egoeraren inguruan hitzegin genuen. Ordiziako zirkuloa gara gu, baina Ordizia Goierri deitura hartzen dugu, Goierri mailan ez dagoelako beste zirkulo bat eta Legazpi, Urretxu,Ormaiztegi, Beasain, Zaldibia, Lazkao eta Ordiziako jendeak osatzen dugu. Modu horretan, amankomunean ditugun interesak defendatzen ditugu.
Zer da zirkuloa?
Alderdia bera antolatzeko sistema da. Udalerriz udalerri, bilkura batzuk daude eta horiei esaten diegu zirkuloa. Zirkulo horiek, aktibistek osatzen dituzte, hau da, alderdian aktiboak diren pertsonek; udalerri bakoitzean, bilerak antolatzen dituzte, besteak beste. Alderdi mailan zer esana duten pertsonak dira, alegia. Eta orain arte, Goierri mailan, Ordiziako zirkuloa baino ez genuen.
Baina Ordiziako udaletxean Ordizia Orain ordezkatzen duzu. Berdina al da?
Ez, ez da gauza bera. Ordizia Orain talde elektoral bezala aurkeztu ginen udal hauteskundeetan, orain dela hiru urte. Herri mailan aktiboki lan egin nahi genuen talde bat ginen eta gara Ordizia Orain osatzen dugunok.
Egia da, Ahal Dugu alderdiko militanteak ere badaudela eta Ahal Dugu Euskadi alderdiaren babesa dugula neurri batean. Baina Ordizia Orain gauza bat da, eta Ordizia Goierri Zirkuloa- Ahal Dugu Podemos beste gauza bat da.
Zergatik da hori horrela?
2015eko udal hauteskundeak iritsi zirenean, Ahal Duguk herri mailan tokia egingo zuela ez zuelako uste. Horregatik, beste izen baten atzean aurkeztu ginen. Une hartan gizarteak bizi zuen egoerarekin nekatuta eta aktiboki, egoera hura aldatzeko lan egin nahi genuen herritar talde bat osatzen dugu Ordizia Orain-ekoek.
Horrek ez al ditu herritarrak nahasten?
Beharbada bai. Dena den, hasiera-hasieratik saiatu gara nortzuk garen garbi uzten, herritarren artean nahasketarik ez sortzeko eta esango nuke, lortu dugula.
Baina orain egitura hori aldatzera doa ala?
Bai, horretarako lanean ari gara behintzat. Hurrengo udal hauteskundeetarako, 2019an, orain arteko egitura hori aldatzeko asmoa dugu. Indarrak batze aldera egingo dugu lan eta Goierri mailan, herriz herri zirkuloak sortuko ditugu, Ahal Dugu alderdiaren babesarekin.
Zu zeu noiz eta nolatan sartu zinen politikan?
Orain dela hiru urte aurkeztu nintzen udal hauteskundeetara, lehenengo aldiz. Dena den, lehenengo momentuan ezetz esan nuen. Konfidantza osoz deitu zidaten zerrendak osatzen ari zirenean, baina beldur pixka bat ere ematen zidan une hartan politikan buru-belarri sartzeak.
Zerrendan aurrean jartzeko inor lortzen ez zutela ikusita, nire buruarekin hausnarketa egin, beste pertsona batzuekin hitzegin eta inor aurkeztuko ez zela ikusi nuenez, pauso bat aurrera eman nuen.
Udal politikan orain arte izandako esperientzia nola baloratuko zenuke?
Oso ona izaten ari da. Herritar guztiak animatuko nituzke herri mailako politikatik pasatzera. Herritar askok eta askok politika urrutitik baino ez dute ezagutzen eta oso gauza konplikatutzat dute. Ez dute udaletxearen funtzionamendua ezagutzen, ezta alderdi desberdinen artean dauden erlazioak ezagutzen ere.
Barruan zaudenean, orduan konturatzen zara zergatik dauden alderdien arteko iskanbilak eta adostasun faltak nahiz eta interesek amankomunak izan beharko luketen herri mailako arloetan. Herritarren interesak defendatzeko gaude. Jendeak paso egiten badu, gauzek berdin jarraituko dute, eta hori ezin da aukera bat izan.












