Aurrekontu ezaren inguruan kezka adierazi du Ordiziako Udaleko oposizioak
EH Bilduk eta Ordizia Orainek aurrekonturik gabe egotea «udal gobernuaren gaitasun ezaren adierazle» dela nabarmendu dute. Egoera horren aurrean, hainbat eskaera egin dizkiote alkateariOrdiziako EH Bildu eta Ordizia Orain udal taldeek beren kezka adi...
EH Bilduk eta Ordizia Orainek aurrekonturik gabe egotea «udal gobernuaren gaitasun ezaren adierazle» dela nabarmendu dute. Egoera horren aurrean, hainbat eskaera egin dizkiote alkateari
Ordiziako EH Bildu eta Ordizia Orain udal taldeek beren kezka adierazi dute 2018rako udal aurrenkontu ezaren inguruan, pasa den ostiralean egindako agerraldian. Izan ere, gaur-gaurkoz, «plenoa joan, plenoa etorri, aurrekontuen proposamenari buruz galdetu» duten arren, «inongo proposamenik gabe jarraitzen» dutela salatu zuten. Hori horrela, Jose Migel Santamaria alkateari hainbat eskaera egin zizkioten.Otsailean egonagatik, «Ordiziak udal aurrekonturik gabe jarraitzen» duela salatu dute oposizioko alderdiek. Aurrekontua, «udal batek bere funtzionamendu egokirako behar-beharrezkoa duen tresna izanik, interes alderdikoiak albora utzi eta herrira begira lanean jartzeko» eskatu diote Santamariari.
Errepikatzen den egoera
Iaz, udal gobernuaren eta oposizioaren arteko adostasun faltak, aurrekontua luzatzea ekarri zuen. Baina oposizioak gogorarazi zuen moduan, «berandu ibiltzearena, urtez urte errepikatzen ari» den zerbait da. Hori, «udal gobernuaren gaitasun ezaren adierazle» dela nabarmendu dute.
Horrez gain, Goierriko beste udaletxe batzuetan aurrekontuak landuta eta onartuta daudela ohartarazi zuen Igor Egurenek, EH Bilduko ordezkariak: «Beasainek azaroaren 30ean onartu zituen, Lazkaok abenduaren 19an edo Zumarragak abenduaren 11n». Ordizian, ordea, «aurrekontuen inguruko bilera batera ere deitu ez» dietela salatu zuen.
Alkateari eskaerak
Horregatik guztiagatik, ondorengo eskaerak egin dizkiote Ordiziako alkateari; batetik, «2018ko aurrekontua behar bezala landu ahal izateko udal gobernuaren lanketa aurkeztu dezala lehenbailehen». Bestetik, ez-ohiko osoko bilkura deitu dezala eta agerraldi bat eskaini dezala urtarrilaren 25eko udalbatzan aipatutako diru laguntza eta diru sarreren inguruko azalpenak emateko.
Horrez gain, argitu dezala «zein urrats eman dituen gaur-gaurkoz bete gabe dauden, osoko bilkuran hartutako erabakien inguruan». Izan ere, Ordiziako udal gobernuak, «hainbat eta hainbat lan agindu ditu legeak derrigorrean eskatzen duen gastu baimenik gabe, eskura ez zuen diruarekin alegia». Hori dela eta, «ondoren etorritako fakturei aurre egiteko, dirua partida batetik bestera mugitzera behartuak egon» direla argitu zuen Mila Sukiak, Ordizia Oraineko ordezkariak.
Gainera, azken udalbatzan «alkateak jakinarazi zituen balizko finantzabide batzuen inguruan zalantza handiak» dituztela adierazi zuen Sukiak. Batetik, «alkateak, deialdia atera ere ez den diru laguntzetatik dirua jasoko duela baieztatu zuelako». Bestetik, «EAJren adostasun alderdikoiari esker, Foru Aldundiak 700.000 euro iritsiko direla esan zuelako». Oraindik aurrekontu proposamenik ez dagoen une honetan «diru hori zertarako izango ote» den galdetu zuen Sukiak.
Azkenik, oposizioko ordezkariek alkateari zuzendutako eskaeren dokumentua sinatu zuten, eta «dokumentu hori alkateari berari emango» diotela jakinarazi zuten.