Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia egingo da. Euskaraz. hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatu nahi dira

Euskaraldia egitasmoaren aurkezpena, atzo. 22 beasaindarrek bat egin dute kanpainarekin.
10.000 beasaindar inguru dira euskaraz dakitenak eta euskara ulertzen dutenak. Dena den, euskaraz jakinagatik, herritar askok eguneroko bizitzan ez dute euskara erabiltzeko ohiturarik, eta euskara ulertzen dutenekin gazteleraz egiten da gehienean. Hizkuntza ohitura horiek aldatzeko eta naturaltasunez euskaraz gehiago hitz egiteko, «ariketa soziala» egitea proposatu du Euskaraldiak,
11 egun euskaraz lelopean. Euskararen alde egotetik, euskaraz egitera bultzatu nahi dituzte herritarrak. Era horretan, aurreko bi urteetan Donostiako Egia auzoan eta Lasarte-Orian aurrera eramandako esperientzia Euskal Herrira zabaldu nahi izan dute hainbat erakunderen eta gizarte eragileren elkarlanarekin.
Goierriko 16 herrik bat egin dute Euskaraldiarekin; baita Beasainek ere. Atzo egin zuten aurkezpen ofiziala, 11 bikote beasaindarren babesarekin: Maria Jose Irazustabarrena eta Jose Luis Etxezarreta, Itziar Orbegozo eta Alain Lopez, Maddi Aiestaran eta Aitor Sarriegi, Aritz Elustondo eta Josune Aldanondo, Begoña Garcia eta Iñaki Dorado, Maripaz Sanchez eta Pello Irizar, Marixabel Yañez eta Kety Lopez, Beñat Iturrioz eta Martin Kortaberria, Alberto Elzo eta Mikel Valdivielso, Felitxo Huizi eta Trini Barandiaran eta Cristian Esono eta Olatz Larrea.
Irailetik aurrera, egitasmoarekin bat egin nahi dutenek izena emateko aukera izango dute.
Euskaraldia
· Noiz: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean.
· Ahobizi: Ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere.
· Belarriprest: Euskaraz ulertzen duten herritarrak dira, gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak, nahiz eta beraien hizkuntzan erantzun.