Egindakoa eta egiteko dutena
Beasaingo udal gobernu taldeak hiru urteko agintaldiaren balorazioa eta egiteko asmoa dutena aurreratu du. Uztail erdian Erauskin plaza eraberritzen hasiko diraLegealdia amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean, Beasaingo udal gobernu taldeak hi...
Beasaingo udal gobernu taldeak hiru urteko agintaldiaren balorazioa eta egiteko asmoa dutena aurreratu du. Uztail erdian Erauskin plaza eraberritzen hasiko dira
Legealdia amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean, Beasaingo udal gobernu taldeak hiru urteko legealdiaren balorazioa eta datozen asteetan eta hilabeteetan egingo dutenaren aurrerapena egin du, beti ere, pertsonen ongizatea eta nortasuna sendotzea helburutzat hartuta.Enplegu sustapena eta langabeziaren jaitsiera izan da nabarmendu duten lehenengo puntua, 700 langabetutik 550 ingurura. Ongizatearekin lotuta, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak egokitzearekin batera, herritarrei ezagutzera ematea izan da erronka nagusia. Horrekin batera, Goiz Alzheimer, Goiz Zaindu, Agipase, Ondo ibili, Beasain Lagunkoia eta Arangoiti egoitzan lortutako 15 plaza berriak nabarmendu ditu Malu Valles zinegotziak. Uda ondorenerako, Arana kaleko elkarbizitza hobetzea helburu duen ekintzak martxan jarriko dituztela aurreratu du; urte bukaerarako, berriz, Ezkiaga auzoko botikina. Kirol sailarekin elkarlanean, zahartze aktiboa bultzatzeko helburuarekin, Andromeda proiektua jarriko dute martxan.
Hirigintza arloan ere, «pertsona oinarrian» jarrita, «herri eroso, irisgarri eta atseginagoa» egitea dute helburu Leire Artolak nabarmendu duenez. Ezkiaga auzoko bi igogailuak, Zazpiturrieta, Nekolalde eta Martin Aranburu kaleak eraberritzea, Alkartasuna Lizeoko fatxada berritzea, Astigarretan eta Garinen euri urak biltzea, Arriaranen luiziak konpontzea eta Matxinbentan eskola zaharra auzotarrentzat elkargune bilakatzea eta Nuarbera arteko oinezko bidea egitea aipatu ditu Artolak. Uztail erdi aldera, Erauskin plaza eraberritzeko lanak hasiko direla aurreratu du.
Hondakin bilketarekin lotuta, 2018ko lehenengo hiru hilekoan, %78ra igo da gaikako bilketa.
Nortasuna sustatzen
Nortasuna sustatzea ere udal gobernu taldearen erronka nagusia da. Ildo horretan, euskararen erabileran aurrerapausoak emateko baliabideak jartzen ari da udala: Berritsu eta Txelotxe espazioetan hizkuntza errefortzu zerbitzua, Euskaraldia, saskibaloi eta futbol taldeetan Eusportekin lantzen ari den proiektua, merkataritzako hizkuntza paisaia euskaratzea, Casio kalkulagailua euskaratzea eta Garabide elkartearekin sinatutako hitzarmena nabarmendu ditu Aitor Aldasorok. Nortasunarekin lotuta, euskal dantzen egonkortasunerako dantzan.eus elkartearekin egiten ari diren lana, eta herri kirolaren eta pilotaren aldeko apustua azpimarratu ditu.
Kulturaren alorrean, urtean zehar Beasainen antolatzen ziren ekitaldi solteak «marko batean sartzen» saiatu da Xabier Matarranzek zuzentzen duen kultura saila, herriko elkarteekin eta eragileekin elkarlana bilatuz eta sustatuz; Igartza Musika da horren adibide, Gipuzkoan eta Euskal Herrian, musikarien artean «erreferente» bilakatu dena. Hilaren 27an egingo dute hurrengo zikloaren aurkezpena. Horrekin batera, Musikenekin elkarlanean antolatutako Igartza Musika Beka ere nabarmendu du Matarranzek. Kultur agenda eguneratua jarraitzeko sortutako telefono mugikorretarako Beasain Kultura App-a eta webgune berria sortu dituztela gogoratu du.
Kiroldegia egokitu
Elena Ruizek zuzentzen duen kirolaren arloan, kiroldegiko ia 6.000 bazkideak egonkortzea eta fidelitzatzea izan da erronka nagusietako bat. Besteak beste, aldagelak berritu, boxing gunea sortu eta rokodromoa berritu dituzte. Orain epe motzean, crossfit gunea, gimnasioa egokitu eta berrantolatu, eta aldagetako armarioetarako eta sarrerarako txartel edo eskumuturreko berria jarriko dute martxan. Bestalde, Ruizek gogoratu duenez, 60 urtetik gorako herritarrentzat kirol kontsulta dago kiroldegian, dohainik, jarduera fisiko pertsonalizatua planifikatzeko. Kiroldegiko energia aurrezteko helburuarekin, aldiz, led argiak jarri dituzte igerilekuan eta pabiloi nagusian.
Loinatz zelaian belar artifiziala jartzea eta La Salleko kantxa estaltzea ere inbertsio garrantzitsuak izan dira.