Zegaman egingo dute, hilaren 26an eta 27an. Aurten Aitxuri ikastetxeko patioan izango da. Bertaratzen direnek Sant Sadurniko zortzi cava dastatzeko aukera edukiko dute
Hilaren 26an eta 27an Cava Festaren bosgarren edizioa egingo dute Zegaman. Goierriko herriarekin senidetuta dagoen Sant Sadurni d’Anoiako zortzi cava dastatzeko aukera egongo da. Aurtengoa berrikuntza garrantzitsu batekin dator: Aitxuri ikastetxeko patioan izango da eta ez pilotalekuan orain arte bezala.
Bi egunetan dastaketa egingo dute 19:30ean, Oriol Viticultors upategiko enologoarekin. Txartelak han bertan erosi ahal izango dira, 3 euroan.
20:00etatik 01:00era zortzi cava ezberdin eta Eusko Label produktuak dastatzeko aukera egongo da. Gainera, larunbatean, 23:00etan, Zegamako Belack taldeak kontzertua egingo du. Talde honek rock abesti ezagunak jotzen ditu.
Honakoak dira dastatu ahal izango diren zortzi cavak: Maria Casanovas Brut (kopa betetzea 2 euro eta botila 9 euro), Oliver Viticultors Brut Nature (2 eta 9), Capdevilla Pujol Reserva Nature (2 eta 9), Grimau Brut Nature (2 eta 9), Elyssia Rosado Freixenet (2 eta 9), Raventos i Blanc Blanc de Blancs (3 eta 13), Llopart Brut Nature Reserva (3 eta 13) eta Jazz Nature Castell San Antoni (3 eta 13). Ekoizleetako batzuk Zegaman egongo dira eta hala nahi duten guztiei azalpenak emango dizkiete.
Cava edateko kristalezko kopak euro batean salduko dituzte eta freskagarriak ere euro batean. Janariari dagokionez, errazioak egongo dira: oilasko izterra piperrekin, solomo burua piperrekin, txekor saiheskia, saltxitxak, txorixoa, entsalada, hanburgesak piperrekin, gazta eta menbrilloa eta pastak.
Autobus zerbitzua
Bi egunetan autobus zerbitzua egongo da Zegamatik Beasainera: 00:10ean eta 01:55ean. Festa hau udalak eta elkarteek antolatu dute. 100 boluntario baino gehiagok lan egingo dute.
Joseba Izagirre alkateak eta hainbat elkartetako kidek prentsaurrekoa eman zuten asteartean. Izagirrek ikastetxeko patioan erosoago egongo direla esan zuen, pilotalekua baino handiagoa baita. 450-500 lagunek afaltzeko tokia egongo da.