Garingo probarekin hasiko da mendi lasterketen denboraldia
Hilaren 20an jokatuko da Goierri Kopako zazpi probetatik lehena. Idiazabalgo herri krosa hilaren 27an da. Zegama-Aizkorrin izen-ematea astelehenean irekiko da
Urtea hastearekin batera, korrika denboraldian buru belarri sartuko dira korrikalariak. VII. Garingo mendi lasterketa izango da lehenengo aukera, hilaren 20an, eta bigarrena, hilaren 27an, 39. Idiazabalgo herri krosa.
Garingo San Sebastian jaien barruan jokatuko da Goierri Kopa Traileko lehenengo proba puntuagarria, 12:00etan hasita. Kasu horretan, sprint ataleko lasterketa izango da, 11 kilometroko ibilbidea prestatzen baitute garindarrek auzoko mendi bideetan gora eta behera. 300 korrikalarirentzako muga dago eta www.rockthesport.com webgunean eman daiteke izena.
Goierri Kopa Traileko egutegiari begiratuta, hirugarren proba UZ Trail izango da, otsailaren 24an, 22 eta 11 kilometroko bi ibilbiderekin. Izena eman daiteke dagoeneko rockthesport webgunean. Gainerako bost proben egutegia ondorengoa da: martxoaren 16an Arriaranen, apirilaren 6an Gabirian, maiatzaren 4an Segura-Zerainen, ekainaren 8an Zaldibian eta irailaren 8an Idiazabalen.
Idiazabalen hilaren 27an
San Blas aurreko asteburuan jokatzen den Idiazabalgo herri krosak 39. edizioa izango du aurten. 10:45ean, 2005 eta 2010 urte bitartean jaiotako haurren lasterketak egingo dituzte eta 12:00etan hasiko da 10,245 kilometroko helduen lasterketa. Kadete mailako korrikalariak helduekin batera aterako dira, baina 3,525 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Urtarrilaren 25a baino lehen eman behar da izena rockthesport.com webgunean.













