Hondakinen kudeaketa txarragatik 41 isun jarri dituzte Ordizian
Ordizian hondakinak jasotzeko edukiontziak dauden toki batzuen egoeraren aurrean, kudeaketa desegokia egiten ari direnei isunak jartzen hasi zaizkie. Izan ere, edukiontzi inguru batzuk «zikinak, zabor poltsez inguratuta eta gehienetan zaborra gaika bereizi gabe» daudela jakinarazi du udalak.
Hondakinen ordenantzan zehazten denez, «poltsak lurrean ezin dira utzi eta gainera, zabor guztia gaika sailkatuta bota behar da dagokion edukiontzira». Hala, Ordiziako Hondakin mahaira eta Udalera hainbat kexa iritsi dira egoera salatuz.
Horien aurrean, Sasieta Mankomunitateak 41 isun jarri ditu 2018an (35 arinak, 2 larriak eta 4 oso larriak). Kasu bakoitzean ondorengo kopuruak ordaindu dira: arinak 45 euro, larriak 270,28 euro eta oso larriak 3.000 euro. Zaborrak era nahasian, bereizi gabe lurrean, traste zaharrak egutegiz kanpo ateratzeagatik eta zaborrei su emateagatik ere ipini dira isunak.
Isun gehien Goierri kalean, Joseba Rezola pasealekuan, Garagartza plazan, Iturtxobidean, Joan de Amezketa kalean eta Gudarien etorbidean jarri dira.













