Ampo Ordiziak Ubu Colina garaituta finalerdietarako txartela lortu du
Play-offetako final-laurdenetan nagusi izan da Ampo Ordizia. Ubu Colina taldearen aurka 38-31 irabazi dute. Finalerdiak SilverStorm El Salvadorren aurka jokatuko dituzte
Titulua irabazteko lehian, play-offetako lehenengo partida jokatu zuten pasa den larunbatean. Maila handiko partida izan zen Altamiran jokatutakoa. Ampo Ordiziak Burgosko UBU Colina hartu zuen etxean eta baita garaipena eskuratu ere, 38-31 izan zen emaitza. Final-laurdenak gaindituta, datorren asteburuan finalerdiak jokatuko dituzte ordiziarrek Valladoliden.
Denboraldiko partida garrantzitsuenetako bati ederki egin zion aurre Ampo Ordiziak asteburuan. Partidaren 24. minuturako 21-0 aurretik zen markagailuan (Iruarriz, Korta eta Moalaren entseguak, eta Cruzen transformazioak), baina bisitarien erreakzioa berehalakoa izan zen, eta hiru minutuan gauzatu gabeko bi entsegu lortu zituzten (21-10). Valentin Cruzek zigor kolpe bat gauzatu zuen segidan (24-10), baina lehen zatiaren hondar minutuetan Burgoskoek aldea murriztu zuten gauzatutako entsegu bati esker (24-17).
Bigarren zatian, Burgosko taldea ezer barkatzeko ez zegoela atera zen zelaira, eta lehen minutuetan haiena izan zen partida, harik eta 47. minutuan Lander Mujika gazteak entsegu bikain bat lortu arte (31-17). Hamar minutura Cruz izan zen entsegua eta transformazioa lortu zuena (38-17), eta emaitza erabat aldeko jarri zitzaien ordiziarrei. Burgoskoak ez zeuden etsitzeko, eta bukaerara arte borroka egin zuten. Azken minutuetan bi entsegu lortu zituzten, markagailua 38-31n utziz.
Finalerdiak Valladoliden
Zazpi urte igaro dira Ampo Ordiziak azkenekoz play-offetako finalderdiak jokatu zituenetik. Oraingo honetan Valladoliden izango du Ordiziako taldeak hurrengo hitzordua, larunbatean 17:30ean, Pepe Rojo zelaian. SilverStorm El Salvador talde handiaren aurka jokatuko dute. Irabazten badute, maiatzaren 26an jokatuko den finalean izango dira goierritarrak eta Quesos Entrepinaresen edo Alcobendasen aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
Baina hori baino lehen, urratsez urrats joan eta beste garaipen bat lortu beharko dute. El Salvador, liga erregularrean sailkapen nagusian lehenengo gelditu den taldea da, eta ez dizkie gauzak erraz jarriko ordiziarrei.













