Tabakoaren aurkako kanpaina egiten ari dira Goierriko herrietan
Bihar, maiatzak 31, Tabakoaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren harira, AECC Gipuzkoa Minbiziaren Aurkako Elkartea informazio kanpaina egiten ari da Goierrin. Osakidetzako erizainekin batera, erretzeari utzi nahi diotenei eskaintzen dizkieten doako zerbitzuen berri ematen ari dira.
Atzo Ordiziako azokan, ohiko postuez gain, azokako produktuekin zer ikusirik ez duen postu bat ere bazegoen. AECCko eta Osakidetzako langileak ziren tabakoaren aurkako kanpaina egiten. Postura gerturatu ziren guztiei, hainbat proba egin zizkieten biriken osasuna nolakoa den jakiteko. Bide batez, erretzeak sortzen dituen kalteen inguruko eta erreatzeari uzteko hainbat gomendio ere eman zituzten.
Oraindik tabakoa osasun publikoko arazo handienetako bat dela gogoratu dute; gipuzkoarren %20ek erretzen dute. Hori horrela, aste osoan zehar, Goierriko hainbat herritan egin dute kanpaina eta oraindik egongo da aukera biriken egoeraren proba egiteko. Bihar Zumarragako Ospitaleko kanpo kontsultetan erizain eta medikuak espirometriak egiten egongo dira.
Udako kanpaina
Bestalde, laster udako kanpaina ere abian jarriko dute. Aurtengoan gainera, «ohikoa baino kanpaina zabalagoa egingo» dute AECCko Maider Sierrak aurreratu duenez, «osasunaren arlo gehiagp hartuko baititu kontuan». Azala eta begiak eguzkitik babesteaz gain, «beroari eta eguzkiari aurre egiteko elikadura egokiaren inguruan ere informatuko dute».













