Boxeoa tartean izanda, ulertzea posible da
Zeelanda Berriko CAF lantegian egiten du lan Hyun Jun Park hego korearrak eta Beasaingo egoitzara bidali dute. Boxeo zale amorratua da, eta Gerriko Boxing Taldearekin hasi da entrenatzen.
Hizkuntza bera hitz egitea ez da bi pertsona elkar ulertzeko behar den gauza bakarra. Batzutan, toki berean jaio eta ama hizkuntza berdina hitz eginda ere, ulertzen ez diren pertsonak daude. Baita munduko punta desberdinetan jaio, hizkuntza desberdinak hitz egin eta ongi baino hobeto ulertzen direnak ere. Kuriosoa da, baina hizkuntzak baino, kirol batek eta ukabilkada batzuk batu dituzte Jose Mari Arrizabalaga eta Hyun Jun Park.
Hego Korean jaiotakoa da Hyun Jun Park duela 34 urte, baina badira urte batzuk Zeelanda Berrian bizi dela. Han, CAF enpresarentzat egiten du lan. Aste batzuk badira jada Goierri inguruan dabilela, enpresak bidalita. Beasaingo egoitzan lan batzuk egin behar, eta horregatik dago Goierrin. Hilabete pare bat egingo ditu hemen.
Goierrira iritsi eta korearrak egin zuen «lehenengo gauza, internet bidez boxeo eskola edo talde bat bilatzea izan zen». Harentzat «pasioa» da kirol hori. Bilaketa egiterakoan, Beasaingo Gerriko Boxeo Taldearen sare sozialen orrialdeetako bat atera zitzaion. Telefono zenbaki bat ageri zen bertan eta bitan pentsatu gabe deitu zuen, nahiz eta tokiko hizkuntza jakin ez. Asier Arrizabalagak hartu zion telefonoa. Ingelesez, boxeo talde baten bila zebilela eta horregatik deitzen zuela kontatu zion Jun Parkek. Arrizabalaga lehenengo momentuan «oso harrituta» geratu zen, baina «tipo jatorra» zirudiela eta «Beasainen zer egiten zuen galdetu eta gero, herriko kiroldegira entrenatzera joateko gonbitea» egin zion.
Bitartean, Asierren aita eta hasiera-hasieratik taldeko entrenatzailea den Joxe Mari Arrizabalagak zer zertokion oso ondo jakin gabe onartu zuen taldeko kide berria.
Sorpresa galanta
Lehenengo entrenamendu saioa egin eta segituan konturatu ziren benetan boxeoa ezagun zuela. Profesional mailan aritutakoa da, Arrizabalagarentzat goxoki bat alegia. Izan ere, kirol horretan ibilbide luze-luzea du Gerriko taldeko entrenatzaileak. Bera ere profesional mailan aritutakoa da, baina «beste garai batzuk ziren» eta «talde baten babesa falta» izan zuen, «aurrera egiteko». Orain, taldekide berria entrenatzeko ardura «oso serio» hartu du, laster Zeelanda Berrira bueltatuko bada ere.
Ni euskaraz, zu ingelesez
«Boxeo estilo desberdina du, maila altua, eta gogoa, ederki ulertzen gara», horiek dira entrenatzaileak irrifar handi batekin korearraren inguruan esandakoak. Ingelesa ederki dominatzen du ikasle berriak, euskara da haren maisuaren hizkuntza. Baina hala izanda ere, ederki ulertzen dute elkar. Entrenamendu saio bat ikustea baino ez dago horretarako. Pao-ak entrenatzeko erabiltzen diren eskuzorro modukoak jantzita kolpea non eman behar duen markatzen dio Arrizabalaga; besteak, behar den moduan erantzun. «Pozik» dago entrenatzailea, «horrelako maila duen ikaslea» duelako.
Ordu beteko saioaren ondoren izerditu bikaina hartu dute biek. Maisuaren aurrean jarri, agurra behar den bezala egin eta «eskerrikasko» esan dio euskaraz. Entrenamenduko seriotasuna alde batera utzi eta irrifartsu jaitsi dira biak ring-etik. Hurrengo entrenamendua noiz egingo duten zehaztu eta dutxara joan dira.
Kirol batekiko grinak hizkuntza desberdinak ulertzera eraman gaitzakeela erakusten du istorio honek.