Herritarren ekarpenak kontuan hartuko ditu udalak aurrekontua egiteko
Auzoz auzo bilerak egin ditu Ordiziako Udalak herritarren kezkak eta beharrak zeintzuk diren ezagutzeko, 2020ko aurrekontua osatu aurretik. Alderdi politikoekin ere egingo dituzte bilerak
Ordiziako Udal Gobernua 2020. urteko aurrekontuaren lanketan ari da eta herritarren iritziak jaso nahi izan ditu horretarako. Auzoz auzo bilera irekiak egin ditu azken asteotan. Guztira, zazpi izan dira, herriko auzoetan banatuta: Buztuntza, Urdaneta-Eskarabilla-Malkasko, San Bartolome, Altamira, Otegienea-Majori, San Joan eta erdigunea. Bilera bakoitzera 30 lagun inguru joan dira. Guztiak kontuan izanda, 200dik gora. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie guztiei, «haien parte hartzeagatik».
Bileretan, herritarrei auzoaren inguruan dauden proiektuen eta egitasmoen inguruan xehetasunak eman zaizkie lehenik, eta, ondoren, herritarrek ere hitzegin dute, ekarpenak egin eta dituzten beharrak zeintzuk diren argitzeko. Besteak beste, gehien eskatu diren eta errepikatzen diren ideietan daude herriko irisgarritasuna, aparkalekuen beharra, edukiontzien inguruetan biltzen den zaborra, eta parke estalia.
Guztira, 150 proposamenetik gora egin dituzte herritarrek, eta orain horien lanketa egingo du Ordiziako Udal Gobernuak. Ezenarrok «positibotzat» jo du herritarren iritziak zuzenean jasotzeko aukera izatea. Horietako batzuk epe laburrean eskuhartu ahalko dira, eta beste batzuk proiektu zabal eta lanketa handiagoa eskatzen dutenez, haien inguruko prozesuak aztertuko dituzte. Bestalde, herriko eragileekin ere bilerak egiten ari dira Udal Gobernuko ordezkariak, eta hurrengo pausoa beste alderdi politikoekin biltzea izango da, horrela osatuko dute parte hartze prozesua.
Alkateak argi du, «etorkizuneko Ordizia eraikitzeko lanean ari gara eta horretarako behar-beharrezkoa da herritarren behar, iritzi eta proposamenak kontuan izatea».












