Ordizia Rugby elkartearen egitura berriak «hobetzea» du helburu
Iñaki Galparsoro lehendakariak gidatutako lan talde osoa lehenengoz bildu da asteburuan. Ohorezko Mailako mutilek ezin izan dute Independiente mendean hartu
Ordizia Rugby Elkarteak zuzendaritza eraberrituaren lehen bilera egin zuen pasa den larunbatean Ordiziako Hagapeko elkartean. Iñaki Galparsoro lehen- dakariak zuzendaritza eta egitura berriaren aurkezpena egin zuen, baita bertan parte hartuko duten kideena ere. 50 lagunek hartu zuten parte bileran. Zuzendaritza berria ez ezik, delegatuak, entrenatzaileak, kolaboratzaileak eta jokalariak izan ziren bertan.
Galparsorok aurkeztutako egitura lan talde desberdinek osatzen dute: kirol taldea, ekonomikoa, gizarte gaietakoa, materialena, komunikaziokoa edo merchandising-arena besteak beste. Denera 33 lagunek dute egun izena emanda talde horietan aritzeko. Galparsoro lehendakariak behin eta berriro berretsi duenez, «taldeok irekita daude, norbere ahalmen eta dedi- dazio nahiaren arabera, bertan parte hartzeko. Ibilbidea hasi baino ez da egin. Hemendik aurrera hobetzeko lana egitea dagokigu».
Lan bilera hamaiketakoarekin eta familia argazkiarekin amaitu zuten OREko kideek.
Asteburuan galdu
Kirol emaitzei dagokienez, Ohorezko Mailako taldeak Santanderko Independiente hartu zuen etxean. Liga hasi zenetik jakina zen moduan, aurtengo maila oso parekatua da eta edozein taldek irabaz dezake edozein zelaitan. Hori da, hain zuzen, Ampo Ordiziari azken jardunaldian gertatu zaiona. Ordiziarrak Valladoliden liderrari irabaztetik zetozen eta horrek indar extra bat emanda ere, ez zen nahikoa izan asteburuan Santanderko Independiente taldeari irabazteko. Partida amaieran, 17-20 erakusten zuen Altamirako markagailuak.
Tristan Mozimanek gidatzen duen taldeak oso ondo jakin zuen Goierriko taldearen defentsa geldiarazten. Hala ere, hainbatetan ordiziarrak izan ziren zelaiaren jaun eta jabe. Aurreko asteburuan, lehenengo postuan doan VRAC Quesos- Entrepinares taldeari irabazi ondoren, partidak ikusmin handia sortu zuen, baina ordiziarrek ez zuten garaipenik lortu.
Ampo Ordiziako jokalariek «lan handia egin zuten, etengabe borrokatu ziren», baina hala izanda ere, ezin izan zuten garaipena eskuratu. Matotok lortutako entseguari esker hasieran aurretik jarri ziren arren, azkar asko berdinketa lortu zuen Santanderko taldeak. Gero berdintasun handiko minutu batzuk izan ziren, Aldro Independientek bere jokoa egiten jakin zuen, lehen lerro indartsuan oinarrituz. Goierritarren erasoak behin eta berriz gelditu zituzten, eta Palmieriren eta Roldanen entseguei esker aurrea hartu zieten markagailuan.
Dena dela, ordiziarrek ez zioten partidari aurpegia galdu, eta azkenera arte saiatu ziren. Alain Arañak egindako azken entseguari esker bonusa lortu zuten eta gutxi gatik partidari buelta ematekotan egon ziren. Azkenean 17-20 bisitarien alde, baina Ordiziakoek «etsitzen ez duen taldearen itxura azalduz bukatu zuen norgehiagoka».
Gauzak horrela, sailkapen nagusian aldaketa gutxi daude lehen postuetan. Quesos Entrepinaresek jarraitzen du lider 38 punturekin. Atzetik du Alcobendas bi puntura. Hirugarren El Salvador dago 34 punturekin eta Ampok laugarren postuari eusten dio 33 punturekin. Atzetik du, bosgarren tokian, puntu bakarrera, datorren jardunaldiko arerio Santboiana. Hurrengo astean, ligako lehen itzuliko azken partida jokatuko dute, etxetik kanpo izango da eta helburu nagusia puntuak gehitzen jarraitzea izango da.
Agurrak eta ongi etorriak
Joe Apikotoak agur esan dio Ampo Ordiziari, Zelanda Berrira bueltatzeko, hurrengo urratsa han egiteko asmoarekin. Taldeak «eskerrik onena» adierazi nahi izan dio. Batzuk joan eta beste batzuk etorri, Txaniela Dan Koroi fitxatu baitute. Koroi fidjiarra da eta amaitu berri den Mitre 10 ligan jokatu du Aucklandekin.












