'Lubaki amaigabea' film iberoamerikar onenaren sarirako izendatu dute
Moriarti films ekoiztetxearen Lubaki amaigabea (La trinchera infinita) filmak aitortzak jasotzen jarraitzen du. Joxe Mari Goenagak eta bere lantaldeak aste honetan jakin dute Zinema Iberoamerikarraren Platino Xcaret sarietarako zortzi izendapen jaso dituztela; horien artean dago Iberoamerikako filmerik onenaren saria jasotzeko hautagaitza. Azken sail horretan, Dolor y Gloria, A vida invisivel eta Monos filmeekin lehiatuko da.
Moriarti ekoiztetxekoek gustura jaso dute izendapenen berria. Eurak ere etxean sartuta eta «lubakian bezala» badaude ere, «gogotik» ospatuko dutela azaldu dute.
Zinema Iberoamerikarraren Platino sarien zazpigarren edizioa maiatzaren 3an egitekoa zen Riviera Mayan (Mexiko), baina joan den astean jakinarazi zuten, gala 2021era arte atzeratuko zela, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela medio.












