Ordiziako Azoka frontoian egingo dute gaur, antzeko neurriekin
Koronabirusa dela eta, ezohiko azoka izan zen joan den astekoa. Nekazaritza eta natur arloko hainbat erakundek, ordea, azokak mantentzeko deia egin diete erakundeei, eta Ordiziako Udalak jarraitzeko asmoa agertu du, nahiz eta segurtasun neurri zorrotzekin eta ezohiko tokian egingo duten. Izan ere, plazatik Beti-Alai frontoira aldatuko dute feriaren kokapena, eta aurrekoan bezala, bederatzi ekoizlek bakarrik jarriko dituzte postuak.
Adu Ezenarro alkateak azaldu du «segurtasun neurriak areagotzeko egokiagoa» dela frontoian kokatzea; neurriak zorroztu eta jendearen sartu-irtena hobeto kontrolatzeko aukera emango baitie horrek. Sartzeko gorde beharreko ilaran, bi arraska jarriko dituzte, erosleek sartu aurretik eskuak xaboiarekin garbitu ditzaten. Ordutegia ere mugatua izango du, eta 09:00etatik 12:00etara izango da zabalik.
Lehen sektoreari babesa
Koronabirusa dela eta sortu den egoeraren aurrean, udalak «lehen sektorearekiko duen babesa eta konpromisoa» berretsi nahi izan ditu. «Bertako hainbat sektorek zabalik jarraitzen duten modu berean, ekoizleei aukera» eman nahi dietela azaldu du Maitane Alvarez alkateordeak, «euren produktu galkorrak saldu ahal izateko», baina beti ere, «segurtasun neurri guztiak» mantenduta.












