Normaltasuna nahi eta ezin
Barazki berririk ez da izan Ordiziako Azokan, landareak bai, ordea. Postu gehiagori nola tokia egin buru haustea bihur daiteke, egoera aldatzen ez den bitartean.
Produktuek beharko lukete protagonismoa. Aldiz, astea joan astea etorri, egoera berezi honek ematen du zer aipatua. Aurrez egindako enkarguak goizean 09:00etatik 12:00ak artean jaso behar ziren orain arte, hemendik aurrera arratsaldean 17:00ak eta 19:00ak artean ere jaso ahal izango dira D’elikatuz zentroan bertan. Geroz eta eskari gehiago dira, postua jartzen ez dutenei eginak eta baita bertan daudenei ere, hala itxoite ilarak ekidinez.
Oraintxe behar genuen udaberriko zizen garai betean. Herenegun San Prudentzio, ziza eta karakol eskasiarik ez da izaten Ordizian ere. Aurten ez bat eta ez beste. Ez naturak eman ez duelako, debekuak debeku etxetik bila joaterik ez dagoelako baizik.
Barazkiei dagokionez, aparteko berritasunik gabe. Aire libreko baba hasia dela (4,5). Ilarra oraindik negutegikoa bakarrik. Laster beharko luketen patata berria edota marrubien zain.
Landare aukera zabaltzen
Landareei dagokionez aukera zabaltzen ari da. Joan zen asteko bost piper motei-luze gozoa, Gernika, Ibarrako pipermina, txorizero italiarra eta morroa- beste bi mota erantsi behar: padron eta piko, 0,10 eta 0,20 zentimo artean bakoitza. Tomateei dagokionez Jack da salduena, Katon eta Robin ere aukeran 0,5-0,6/bakoitza , txertatua ere bai (2€/bakoitza). Eta atzo Esther Insaustik zehar-aldatutako tomatea ekarri zuen. «Etxeko betiko kaxatan ereiten dugu hazia, ehun urtetik gora dituzte kaxa horiek. Gero erne eta indartzen hasi orduko lurrean errenkera egin eta 10 zentrimetroko tartean aldatzen ditugu, sustraiak egin eta ziurtasuna ematen duten neurria hartzen dutenean bere horretan atera-takorik gabe- eta saltzeko prest», kontatzen zuen Estherrek. Beti egin izan duten moduan egiten jarraitzen dutela alegia, bai Jack eta baita Robin klaseko tomateekin ere, 0,40€/bakoitza salgai.
Frontoiko kanpoko estalpean beste lau postu atzo: Lazkaoko Atienza eta Legazpiko Etxabe, gaztak, hestebeteak, lekaleak… eskainiz; Ibarrako Antonio Rodriguez eta Beasaingo Rufina Ramajoren postuan, Ainara eta Uxue Gastesi alabak, gozo, oliba, fruitu lehor eta abar salgai. Oraindik ere normaltasunetik urruti asteazkeneroko martxa, baina poliki-poliki geroz eta saltzaile eta produktu gehiagoren eskaintzari nola tokia egin antolatzaileen burutan.