Irizarrek autobuseko ateak itxi dizkio birusari
Autobus gehienak geldirik daude, baina Irizar enpresa ez. Autobusetan koronabirusa hedatzea prebenitzeko neurriak hartu ditu. Irizarrek krisiari aurre egiteko moduan ikusten du bere burua.
Koronabirusak ez du tokirik Irizarren autobusetan. Ormaiztegiko enpresak birusa garraio publikoan hedatzea prebenitzeko gailuak garatu ditu: sarrerak kontrolatzeko kamera adimenduna, ibilgailuaren desinfekzio automatikoa barruan bidaiaririk ez duenean, gidariaren lekua bereizteko manparak eta bidaiarien eserlekuak banatzeko panelak eta Eco3 aire arazgailua.
Irizar punta-puntako enpresa da eta oraingoan ere punta-puntako erantzuna eman du. Alarma egoera ezarri zenetik, koronabirusari eta honek eragindako krisiari aurre egitea izan da beraien helburua. «Alarma egoera ezarri zenean, gainontzeko guztiek bezala, Covid-19ari buruzko informazio gutxi genuen. Ormaiztegiko ekoizpen zentroan, bilera egin genuen hartu beharreko neurriak zehazteko. Osasuna bermatzeko neurriak aztertu genituen eta osasun protokolo bat definitu genuen. Egongelak itxi genituen eta aldageletan eta komunetan egon zitekeen jende kopurua murriztu genuen», azaldu du Gotzon Gomez esportazio buruak.
Horretaz gain, norbere babeserako ekipoak lortzen saiatu ziren. Zailtasun handiak zeuden, baina Irizarrek Txinan lantegia izan zuen eta han egindako harremanak mesedegarri izan ziren Txinan egindako produktuak erosi ahal izateko (maskarak eta termometroak, batez ere).
Segurtasun neurriak
Lantokira gaixo dagoen inor sartu ez dadin, langile guztiei tenperatura neurtzen diete sartu aurretik. Gainera, egunero eskularru eta maskara berriak ematen dizkiete. Arrisku taldeetako langileei dagokienez, medikuaren baimena behar dute lanera joateko. Bulegoko langile askok, berriz, telelana egiten dute. Bestalde, instalazioak koronabirusa azaldu aurretik baino sarriago garbitzen dituzte.
Ekoizpenari dagokionez, autobus asko geldirik daudela kontuan izan behar da. «Autobus konpainiak eta linea autobusak geldirik daude. Gure bezeroek autobusak geldirik dituzte, baina autobusak entregatzea baimendua dago. Autobus berriak bezeroari eraman edo bidali diezaizkiegu. Aste Santuko kanpaina galdu egin zen, baina udan mugak zabalduko dituztela dirudi. Hori gure bezeroentzat ona da, baina baldintzak ikusi beharko dira. Izan ere, ekonomia gaitzaren eskutik joango da. Gaitzaren eragina zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta hobe ekonomiarentzat. Udan gertatzen denak, asko baldintzatuko ditu ondorengo hilabeteak. Irailean ikastetxeetako autobusak lanean hasiko dira, beharbada, baina baldintzek zeresan handia izango dute: erdi hutsik joan behar badira, autobus eta gidari gehiago beharko dira».
Ez dago jakiterik zer gertatuko den, baina Irizarrekoak lehenbailehen autobusera igotzea utzi dezaten lan egiten ari dira. Nola? Koronabirusari autobusen atea itxita. «Osasun krisi honetan ez elkartzeko esan digute eta autobusak elkartzeko toki bat dira. Autobusean metro eta erdiko distantzia mantentzea zaila da. Maskara eramatea oso garrantzitsua da, baina baita gaitza eduki dezakeen edonor identifikatzea ere. Autobusetan gaitza hartzeko arriskua minimoa izatea nahi dugu. Horretarako, bidaiariei autobusera sartu aurretik tenperatura neurtzen dieten kamerak prestatu ditugu. Bidaiari batek maskararik ez badarama edo tenperatura altua badu, abisatu egiten du. Gidariaren osasuna bermatzeko, berriz, manparekin isolatu dugu. Bestalde, eserleku ilaren artean ere manparak jarri ditugu. Horretaz guztiaz gain, aire egokitu sisteman ionizatzailea. Helburua, birus eta bakteria maila murriztea da, bidaiariek ahalik eta aire garbiena arnastu dezaten. Bukatzeko, autobusak desinfektatzeko sistema automatiko bat garatu dugu».
Irizarrekoek ez dakite agintariek autobusak erabiltzea baimentzen dutenean neurri hauek guztiak hartzera behartuko duten, baina Irizarren betebeharra autobusean bidaiatzea erabat segurua izatea da. «Baliteke agintariek neurri hauek ez agintzea, baina zerbitzua kontratatzen duenak segurtasun neurri hauek eska ditzake. Edo autobusaren jabeak segurtasun neurri hauek eskaini ditzake. Irizarren zeregina garraio publikoa jasangarria eta segurua dela erakustea da», dio Gomezek.
Etorkizunari dagokionez, Irizar ondo kokatua dagoela uste du. «Enpresa indartsua gara eta etorriko denari aurre egiteko prest gaude. Seinale positiboak jasotzen ari gara, muga ekainean irekiko dela esan dute… Gaitza kontrolpean mantentzen badugu, gu azkar itzuliko gara otsaileko egoerara. Baina galdera ikur asko daude eta irail amaieran argazki fidagarriagoa izango dugu. Zorionez, Irizarren ez da positiborik azaldu eta, osasun protokoloak ezarrita, denok lanean gaude. Epe luzera, berriz, gure gizarteak garraio jasangarriaren aldeko apustua egitea espero dut. Bidegorri sarea zabaldu behar da eta garraio publikoa bultzatu».












