Judoa, kirol eta gizarte mailako erreferente Legazpin
Ibilbide luzea du judoak Legazpin. Ikasle kopurua eta entrenamendu orduak ikaragarri igota, Judo Legazpi kluba inoiz baino indartsuago dago.
Asier Berasategi, Judo Legazpiko lehendakaria, klubeko judoka gazte batekin.Gorka Gomez Judo Legazpi klubak kirol eta gizarte erreferente bihurtzea lortu du. 40 urtetik gorako ibilbidea dago atzean, eta batez ere, azken zortzi urteetan egindako lana. «Badira domina kopuruaren arabera neurtzen diren kirol proiektuak. Beste batzuk, berriz, ilusioa pizteko eta pertsonak hezteko duten gaitasunagatik gogoratzen dira», diote klubeko arduradunek, «Judo Legazpik biak lortu ditu».
Duela zortzi urte eskas, Legazpiko klubak 70 ikasle inguru eta astean bi entrenamendu-egun besterik ez zituen. Gaur egun, 211 judoka ditu, astean bost eguneko jarduera eskaintzen du, maila guztietako txapelketetan parte hartzen du, eta geroz eta presentzia handiagoa du Legazpiko kirol eta gizarte bizitzan.
Bilakaera honen atzean Asier Berasategi presidentearen lana dago hein handi batean. Bere helburua «argia» izan da: «Kirol emaitzak eta pertsonen heziketa uztartzen dituen proiektu sendo bat eraikitzea, etengabeko hobekuntzan eta herriarekiko konpromisoan oinarrituta». Ikasle kopuruak izandako gorakada da horren emaitza, baita jardueraren hazkundea ere. Legazpi Judo klubak haur, gazte eta helduei «prestakuntza zabala eta kalitate handikoa» eskaintzea lortu du.
Txapelketak eta campusak
Eta horren erakusle, Legazpiko judoak herritik kanpo izan duen oihartzuna da. Legazpiarrek makina bat txapelketa eta jardueratan parte hartu dute, askotan emaitza bikainekin. Espainiako Kopan 14 aldiz izan dira, Espainiako judo eta jiu jitsu txapelketan bitan, eta Euskadiko txapelketan hiru aldiz haur, kadete eta junior maileta. Gainera, Euskadiko selekzioekin 19 entrenamendu egin dituzte, eta 17 teknifikazio saiotan parte hartu dute. Gipuzkoa mailan, berriz, 13 lehiaketatan lehiatu dira, eta Gipuzkoako Federazioarekin ere parte hartu dute haurrentzako teknifikazio jardunalditan.
Prestakuntza izan da judo proiektuaren beste oinarrietako bat, eta teknifikazio saio horiez gain, campusak ere erabili dituzte helburu horretarako, «azken urtean zortzi campusetara joan gara, eta mundu mailako eta estatuko judoaren erreferente handiekin egoteko aukera izan dugu». Horien artean daude Fran Garrigos, Laura Martinez, Igor Herrero, Alvaro Rios, Alfonso Urquiza eta Daniel Pionso, «onenekin ikasteko aukera izan dugu».
Teknifikazio saioekin eta campusekin, «kirolariei entrenatzeko eta lehiatzeko aukerarik onenak» eskaini nahi izan dizkiete, horretarako azken denboraldian milaka kilometro egin behar izan badituzte ere.
Baina dena ez da izan herriko judokak kanpora bidaltzeko lana, kanpotarrak Legazpira etortzeko ere lan egin du klubak. Hori, Judo Legazpik azken urteetan antolatu dituen nazioarte mailako bi txapelketekin lortu da, haur mailakoa bat, eta bestea kadete mailakoa. Lehiaketa bakoitzean 190 judoka inguru elkartzen dira, eta guztira 500 lagun baino gehiago hurbiltzen dira herrira, kirolariak, entrenatzaileak, epaileak, senideak eta zaleak batuta.
Berasategik dioenez, «Legazpirentzat erakusleiho aparta dira, herriko jarduera ekonomikoa eta soziala bultzatzen baitute, eta udalerria estatuko zein nazioarteko judoaren egutegian kokatzen baitute».
Bestetik, rritar guztiei irekitako jardueretan eta udalerrian antolatutako hainbat ekimen sozial eta ludikotan lagunduz.
Etorkizuna martxan
Orain Judo Legazpik hurrengo denboraldian du begia jarrita, «ilusioz». Lehia mailan, Gipuzkoako eta Euskadiko egutegi federatua da erronketako bat, eta estatuko txapelketetan parte hartzea handitzea, beste bat. Junior mailara igoko den Alfredo Suarez da klubaren apustu nagusia horretarako. «Alfredori esker, Judo Legazpik etapa berri bati ekingo dio, eta estatu mailan ere bere lekua egiten hasiko da».
Bestetik, harrobiarekin lan egiten jarraituko du. Helburua judoa Legazpiko haur guztiei hurbiltzea da, eta jolas jardunaldiak, jaialdiak, topaketak eta bestelako jarduerak antolatuko dituzte, eta ikastetxeekin, elkarteekin eta erakundeekin elkarlana indartuko du, «kirola pertsonak hezteko, gizartea kohesionatzeko eta Legazpiren bizitza aberasteko tresna paregabea dela sinetsita».
Berasategiren hitzetan, Judo Legazpik argi du «hezten ditugun pertsonak direla klubaren etorkizuna eraikitzen dutenak». Aurrera begira ere, filosofia horrekin jarraituko dute, «orain arte egindako lana oinarri hartuta, eta onena oraindik etortzeke dagoela sinetsita».
Orain arte ehunka haur eta gaztek ikasi dute «errespetua domina bat baino garrantzitsuagoa dela, ahaleginak beti duela saria eta benetako arrakasta pertsona hobeak izatea dela». Bide horretatik jarraitzeko apustua du eginda Judo Legazpik.












