Langabezia %16ra igo da Goierrin, urtarriletik 700 langabe gehituta
Lanbideren maiatzeko azken datuen arabera 3.385 langabetu daude. Covid-19aren geldialdia hasi zenetik %26 hazi da kopurua, 2008ko krisi ekonomikoaren zenbakietatik hurbil
Enplegu suntsiketan eta langabeziaren igoeran lehenengo eragin nabarmena utzi du Covid-19 koronabirusaren ondoriozko krisiak. Lanbidek aste honetan kaleratu ditu maiatzeko langabetu datuak, eta gora egin dute Goierrin. Guztira, eskualdeko 23 herrietako 3.385 lagun zeuden lana aurkitzeko enpleguaren euskal erakundeko zerrendan.
Koronabirusaren izurritea martxoan iritsi zen Goierrira, eta alarma egoera hilaren 15ean aktibatu zen (osasun larrialdi egoera egun batzuk lehenago). Langabezia tasa bi puntu goratu da harrezkero: martxoan Goierri osoan %13,74koa zen (Goierri behean %8,03koa), eta maiatzaren bukaeran %15,8raino iritsi da.
Urtarrileko datuekin alderatuta, berriz, are urrunagoak dira zenbakiak elkarrengandik: urteko lehen hilabetea 2.689 langabeturekin ixtetik, 3.385era jaso da langabeziaren langa, 696 lagun gehiagorekin. %25,88ko hazkundea da hori. Herri guztietan handitu da langabetu kopurua, Altzagan izan ezik (berdin).
Aldi baterako lan kontratuen desagerpenak igoarazi du langabezia, jarduera ekonomikoa moteltzearen eraginez. Zenbait sektore, zerbitzuetan bereziki, gelditu egin ditu alarma egoerak.
2008kora gerturatzen
Orain hurrena krisi orokorra eta bortitza 2008ko finantzarioa izan zen. Enplegu asko suntsitu zen orduan ere. 2007a %5,7ko langabezia tasarekin bukatu zuen Goierrik (1.608 langabe), eta hurrengo urtean %8,18ra igo baldin bazen, krisiaren unerik gordinenetan 2012 eta 2013 urteak %12,5eko tasarekin jo zuen goia langabeziak. Denera, 4.000 langabetu baino gehiago ziren.
Ordutik, %11ko tasaren bueltan ibili zen eskualdea, 2015ean 10era murriztu arren. 2017ko abenduan lortu zen sabai sinboliko horretatik beheratzea (%9), eta hiru milatik behera kokatzea (2.900 langabetu).
Gaindegiak iazko udazkenean argitaratutako ikerketa baten arabera, 2008tik 2016ra Goierrik ehun ekonomikoaren %21 galdu zuen. Krisi finantzarioaren aurretik zegoen giharrearen %18 ez zen berreskuratu.
Ikerketa bereko datuek diotenez, bestetik, enplegu nahikotasun negatiboa zeukan Goierrik, koronabirusaldiaren aurretik ere. Hau da, lana dutenak 28.000 bizilagun badira, eskualdean bertako enplegu bolumena 25.000koa zen (%80koa). Bailaratik kanpora lan egiten zuten 3.000 goierritarrek. Uneko %11ko langabezia tasa gehitu behar zaio horri, beste 3.500 lagun.
Eskualdeko errenta erabilgarria, berriz, urteko 19.100 eurokoa zen Covid-19aren krisiaren aurretik (2019ko udazkena), Gipuzkoako batez bestekoa baino 800 euro gehiagokoa. Gaindegiaren arabera, 18 urtetik gorako goierritarren %36ak hilean 2.100 euro baino gehiagoko diru sarrerak zeuzkaten.