Txotxetik ez bada, botilatik
Goierriko zazpi sagardotegietatik seik zabalik dituzte ateak, ia hiru hilabez itxita egon eta gero. Zalantza askorekin hasi badira ere, jendea ondo ari da erantzuten
Hiru hilabetez ateak itxita izan eta gero, Goierriko sagardotegirik gehienek berriz ekin diote lanari. Txotxeko garai betean itxi behar izan zuten, eta askok sagardoa etxerik etxe banatuz egin diote aurre egoerari. Neurri eta protokolo zorrotzak ezarri behar izan dituzte, baita Sagardozale Elkarteak espreski eskainitako ikastaroak jaso ere. Dagoeneko hasi direnek, jendearen harrera ona izan dela diote, eta zalantzak uxatzen ari dira pixkanaka.
IÑAKI BEGIRISTAIN
Aulia Sagardotegia
«Zirkuitu bat jarri dugu alde batetik sartu eta bestetik ateratzeko»
Legorretako Aulia izan ohi da, Goierriko sagardotegien artean, txotx denboraldia zabaltzen lehena. Eta itxialdiaren ondoren ere, haiek izan dira ateak zabaltzen aurrenekoetako bat, maiatzaren 26an hasi baitziren. Astelehenetik larunbatera ematen dituzte afariak; bazkariak, berriz, larunbatetan. Uda partean igandeetan itxita izango dute.
Mahaietan botilak jartzen dituzte, eta kupeletara txandaka joan daiteke. «Zirkuitu bat jarri dugu, kupeletara alde batetik sartu eta bestetik ateratzeko, bezeroak guratzatu gabe». Kupel batean, txotxa zabaltzeko mekanismo berezia ere jarri dute, «pedal batekin eta eskuekin ukitu gabe» zabaltzen baita.
GARBIÑE GARMENDIA
Etze-Zuri sagardotegia
«Astean motelago baina asteburuan jendea nahiko poliki hasi da etortzen»
Olaberriko Etxe-Zuri sagardotegian ere, maiatzaren 26tik ari dira lanean. Sagardoa botilatik eskaintzen dute, eta asteburuko otorduez gain, eguneko menua ere ematen dute. Garbiñe Garmendiaren arabera, «nabari da enpresak eta baju daudela», astean zehar ohi baino jende gutxiago datorrela nabaritu baitute. «Asteburuetan poliki hasi da jendea etortzen, beteta ere ez dugu izan, baina nahiko poliki».
Urtea nola joango zen beldur ziren, baina «ekaina nahiko ondo» joango dela dirudi. Udan gero «beheraldia» etortzen dela dio. Irailetik aurrerakoan du jarrita esperantza, «ea dena normaltzen hasten den».
MAITE RETOLAZA
Oiharte sagardotegia
«Erantzuna ona da, txotx garaian etorri ezin izan zutenak ari dira deika»
Zeraingo Oiharte sagardotegiak joan den asteburuan zabaldu zuen eta jendearen harrerarekin gustura agertu da Maite Retolaza. «Jendeak ondo erantzun du; txotx garaian etorri nahi eta ezin izan zutenak ari dira deitzen». Hainbeste denboran jatetxea itxita eta hutsik ikusteak «tristura handia» ematen zuela azaldu du. Bitartean botilak banatzen aritu dira, etxez etxe.
Sagardoa botilatik nahiz txotxetik eskaintzen dute. «Kupeletan aldiko 20 lagun egin daitezke gehienez, eta mahaiz mahai joaten gara taldeka jendeari txotxerako deia eginez». Horrez gain, mahaien arteko bi metroko tarteak eta garbiketa ari dira bereziki zaintzen.
AMAIA OLANO
Olagi sagardotegia
«Asteburuetan ondo ari gara, jendea gogoz dagoela ikusten da»
Altzagako Olagi sagardotegiak bi aste daramatza zabalik. Botilan eta txotxetik, bietara ari dira ematen. Amaia Olanok azaldu duenez, «txotxa taldeka» egiten dute, mahaika altxatu eta kupela aldiko irikita. Horrez gain, «sarreran eskuak garbitu eta bezeroei dena» esplikatzen diete, segurtasun neurriak, gorde beharreko tarteak edota komunaren erabilera, besteak beste. Ohiko mahaien erdiak dituzte jarrita, eta erreserba egitea komeni da.
Sagardotegia itxita izan duten hilabete hauek «guretzako denbora hartu eta aurrera nola egin pentxatzeko» erabili dituztela dio. Behin irikita, gustura daude jendearen erantzunarekin. «Asteburuetan ondo ari gara, jendea gogoz dagoela ikusten da. Aurreneko egunean erabat bete zen, eta jendeari lekurik ez zegoela esan behar izan genion».
AMAIA BLAZQUEZ
Tximista sagardotegia
«Lehen egunetan jendea lasai ikusi dut, hori zen gure helburu nagusia»
Aste honetan bertan zabaldu ditu ateak Ordiziako Tximista sagardotegiak. «Zalantza askorekin» hasi direla azaldu du Amaia Blazquezek, baina lehen egunetako harrera ikusita, «uste baino hobeto» joan dela dio. «Jendea lasai ikusi dut, eta hori zen gure helburu nagusia». Segurtasun neurriak ondo betetzen ari direla dio: «jendeak barneratuta ditu arau asko, eta kartelak eta errespetatzen dituzte».
Mahaietan botilan nahiz pitxarrean zerbitzatzen dute, eta kupelak taldeka zabaltzen dituzte. Hilabete txarrak pasatu dituztela azaldu du, baina orain pixkanaka buelta eman nahi diote. «Horretarako jendeak erantzun behar du; momentuz behintzat ondo ari dira etortzen, eta hori eskertzekoa da».
DEMETRIO TERRADILLOS
Urbitarte sagardotegia
«Sagardoa saldu dugu botilan, baina guretzako bestea da inportanteena»
Ataungo Urbitarte sagardotegia era hasia da lanean. Demetrio Terradillosek azaldu du «oso gogorra» egin zaiela sagardotegia denboraldi betean itxi beharra. Botilan eta etxez etxe saltzen aritu dira. «Sagardoa saldu dugu, baina guretzako bestea da inportanteena, langile dezente ditugu, eta hortik etorri da arazoa».
Berriz zabaltzerako garaian, hainbat neurri hartu behar izan dituzte, besteak beste, jende kopurua mugatzearena. «Jangelan 45 bat lagunentzako tokia utzi dugu, eta terrazan beste 30 lagunentzako jarri dugu, eta horrekin beharko du». Sartzerakoan oinetakoak garbitu, jendeari azalpenak eman, komunak garbitu eta langileek maskarak erabili behar dituzte. Baina jendeak neurri horiek ulertu dituelakoan dago, denen onerako baitira.
GORKA IZAGIRRE
Otatza sagardotegia
«Kamera txuletaz beteta genuen eta horiek atera ditugu behintzat»
Zeraingo Otatza sagardotegiak txotx garaian ireki ohi du normalean, eta aurten, bolada pasata, jatetxea atzera ez irekitzea erabaki dute. Gorka Urretak azaldu du «dudatan» izan direla, baina hilabeterik onenak galdu eta gero, azkenean «ez zabaltzea» pentsatu dute, «beste lanbide batzuk ere baditugu eta».
Itxialdi garaian etxeetara banatzen aritu dira, bai sagardoa eta baita hartuak zituzten txuletak ere. «Kamera txuletaz beteta genuen eta horiek denak atera ditugu behintzat». Udazkenean ohi baino lehenago irekitzea ari dira pentxatzen, baina oraindik ez dute erabakirik hartu. Denborak esango du.












