Ampo Ordiziak bi jokalari fitxatu ditu denboraldi berriari begira
Keegan Munro eta Diego Carvajales dira Amporen bi jokalari berriak. Moalak eta Koroik taldea utzi dute. Aritz Garmendia entrenatzaileak ere agur esan du
Aurtengo errugbi denboraldia, iragan martxoaren 1ean amaitu zen Ampo Ordiziarentzat, ofizialki beranduago izan bazen ere. Egun hartan, Bartzelona hartu zuen Ampok Altamira zelaian, eta 35-37 izan zen emaitza. Ohorezko Mailako liga amaitzeko bost partidaren faltan, badirudi hortxe gelditu zela denbora. Koronabirusagatik, liga uste baino lehenago bertan behara geratu zen eta harrezkero ez da partida gehiago jokatu. Gauzak horrela izan dira aurten, eta datorren denboraldira begira jartzea baino ez da geratzen. Eta horretan ari da Ampo Ordizia, hain zuzen ere, hasia baita 2020/21 denboraldia prestatzen. Datorren urteari begira, hainbat aldaketa egiten ari da errugbi taldea.
Momentuz, taldea indartzeko bi fitxaketaren berri eman du klubak. Horietako bat da Keegan Munro hego-afrikarra. 2. lerroko jokalaria da, 20 urte ditu, 1,94 metroko garaiera eta 100 kiloko pisua. Golden Lions eta False Bay taldeetan aritu izan da, besteak beste. Egunotan berriz, taldera etorriko den bigarren jokalariaren berri eman du klubak. Diego Carvajales du izena, eta 1. lerroan jokatzen du. 22 urte ditu, 1,83 neurtzen du eta 98 kilo ditu. UBU Colina Clinic, Frantziako Nimes eta Liceo Francés taldeetan aritutakoa da, baita Espainiako selekzioarekin ere.
Agurrak
Datorren urteko bajei dagokionean, Sio Moala eta Taniela Koroi ez dira Altamiran ariko Ordiziarekin. Koroi, 2019ko abenduan iritsi zen, Joe Apikotoa ordezkatzeko helburuarekin. Denbora gutxi egin du Ordizian, eta zelaian minutu gutxi eginda agurtu du taldea. Moalak, 2018 urte hasieran egin zuen estreinaldia, eta iritsi zenetik, funtsezko pieza izan da taldeak azken denboraldietan egin duen hobekuntzan.
Bestalde, talde teknikoan ere izango da hutsunerik. Hainbat urtez lehen taldearen entrenatzaile lanetan aritu den Aritz Garmendiak agur esan baitu. 2016-2017 denboraldian, Iñigo Marotiasek eta berak, lehen taldearen ardura hartu zuten, Wade Kellyren ordez. Denbora baterako iritsi ziren, baina lortutako emaitza onak medio, klubak konfiantza osoa erakutsi die.












