Santa Anarik ez aurten
Adur Ezenarrok argudiatu du «arduraz jokatzeko unea» dela. Udalak herriko eragileen babesa izan du hartutako erabakian. Kultur arloari bultzada emateko, Matilda eta DJ Monky, gaur
Aurten ez da Santa Ana festarik izango, eta hala jakinarazi du Ordiziako Udalak, herriko eragileekin batera egindako prentsaurrean. Aurreko urteetan bezala, Plaza Nagusia aukeratu dute festen inguruko informazioa emateko. Aurtengo mezuak baina, ez du aurreko urtekoen antzik, Santa Ana jaiak, bertan behera utzi baitituzte. Adur Ezenarro alkateak adierazi zuenez, «arduraz jokatzeko unea da».
Hemendik hilabete eskasera ziren ospatzekoak herriko jaiak, baina «bizi duguna ikusita eta etor litekeena, oraintxe arduratsuak izatea tokatzen zaigu; ezin dugu ahaztu orain arte egin dugun esfortzu guztia eta Covid-19ak gure herrian eragin dituen heriotza guztiak», gehitu du alkateak.
Ezenarrok nabarmendu zuen, erabakia hartzea «zaila» izan dela, «herriko jaiak ordiziarrentzat oso bereziak baitira». Erabakia hartu aurretik, sektore desberdinetan jarduten dutenekin bilerak egin dituzte, tartean ostalariekin. Bileretan hitz egindakoaren emaitza izan da «erabaki zuhurrena jaiak ez ospatzea» dela: «Birusa ez da desagertu, eta oraindik ere jende pilaketak ekiditea behar-beharrezkoa da koronabirusa ez dadin hedatu».
Gauzak horrela, ondorengo mezua bidali du Ezenarrok: «Ordiziarrak orain arte bezain arduratsuak izango direla espero dugu; guztiok garelako kontziente gure esku dagoela egoera honi aurre egitea».
Matilda eta DJ Monky, gaur
Hala ere, herriko bizitzari eta kultur arloari bultzada emateko asmoz, kultur programazio berezi bat antolatuko dela aurreratu dute; betiere segurtasun neurri guztiak betetzen direla bermatuz. Horren adibide da gaur arratsaldean, Majori Plazan antolatu den zuzeneko aurrez aurreko kontzertua. Matilda taldeak emanaldia eskainiko du 19:00etan hasita, eta aurretik eta ondoren, Monky Man DJ-ak saioa egingo du. Eserita eskainiko da kontzertua, aforoa eta distantziak kontrolatuta izateko.












