Emaneurre Euskarari Eguna ez da ospatuko COVID-19aren eraginez
Beste hainbat kultur eta kirol ekitaldirekin gertatu den moduan, COVID-19agatik Emaneurre Euskarari Eguna bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak. Irailaren 5ean, Euskal Jaien barruan ziren egitekoak euskaren eta kirolaren aldeko Ordiziako kuadrillek ospatzen duten festa handia.
Emaneurre taldeak gogorarazi duen moduan, «duela 10 urte» hasi ziren «Ordiziako Euskal Jaien egitarauari ekarpena egin nahian, kuadrillen arteko herri kirolak antolatzen». Urtetik urtera, indarra hartzen joan den ekitaldia da eta «duela bost urte, Emaneurre Euskarari Eguna bezala bataiatu» zuten, «herri kirolez gain egun osoko egitaraua prestatu» izan dute, «bazkaria, elektrotxaranga, Harri Orri Ar, bertsolariak, kontzertuak,…». Iaz adibidez, «20 taldek parte hartu zuten herri kiroletan eta 250 lagun elkartu ziren bazkaltzen».
Aspalditik ordiziarrek egutegian markatuta duten eguna bada ere, Emaneurre taldeak jakinarazi du, «zoritxarrez bertan behera utzi» behar izan dutela, urtean zehar antolatu ohi dituzten beste ekitaldi batzuekin gertatu den moduan, Pilota Txapelketa Herrikoiarekin edo Euskal Herriko V. Artisau Garagardo Azoka rekin bezala adibidez.












