A-636 errepidea ordainpekoa izango da 2022ko ekainak 30a baino lehen
Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidea ordainpekoa izango da 2022. urteko ekainaren 30a baino lehen. Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko errepide diputatuak ez zuen gehiago zehaztu. Aitortu zuena zera izan zen, motozikletak izan ezik, gainerako ibilgailu guztiek ordaindu beharko dutela. «Neurri eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena dela erabileragatik ordainketa sistema bat ezartzea uste dugu».
Oiarbidek esandakoaren arabera, Beasaindik Ormaiztegira joateko auto gidariak 0,38 euro ordaindu beharko ditu; Ormaiztegitik Zumarragara joateko, beste 0,74 euro; Zumarragatik Antzuolara, beste 0,48; eta Zumarragatik Bergarara, 1,41 euro. Ibilgailu astunen kasuan 0,78, 1,50, 0,98 eta 2,87, hurrenez hurren. Abiatu gailuak eskaintzen dituen deskontuak eta gastu mugak erabili ahalko dira. Hala, 32,24 euro ordainduko dira gehienez.
Europaren babesa
Ordainsaria kobratzeko sistemaren ustiapena lizitazio fasean dago jada. 10.352.000 euroko aurrekontua eta bost urte eta erdiko iraupena izango du hitzarmenak. Free flow sistemarekin kobratuko da, hau da, ibilgailuak gelditzeko beharrik gabe. Ondorioz, abiatu sistema eduki beharko da edo ibilgailuko matrikula kontu korronte batera helbideratuta. Ordainsariak Europako batzordearen eta Batzar Nagusien babesa du.
A-636 Pajerik ez plataformak batzarra antolatu du gaurkorako Areizaga Kalebarren plazan, 20:30etan. Martxoan, itxialdiaren erruz, protestak eten egin behar izan zituzten. «Urgentziaz» mobilizazioei berrekiteko garaia heldu dela nabarmendu dute.












