Klasikoak pedalkadaka darrai
Ordiziako Klasikoak jakin du egoera berrira moldatzen eta 97 edizioa aurrera atera da. Carr izan da garailea. Murphyk eta Anaconak osatu dute podiuma. Bravo, goierritar bakarra
Ordiziako 97 klasikoen artean hotzena izan zen atzokoa. Hamar gradu inguru izan zituzten proba osoan eta euria zarra-zarra. Giro makurra bizikletan ibiltzeko. Eta giro gutxi errepide bazterrean. Irteeran, Abaltzisketa igoeretan eta helmugan ezin zen ikuslerik egon. Halere, txirrindulariak helmugaratzerakoan atertu zuen eta zale apur batzuk gerturatu ziren Gudarien Etorbideko zuzen gunera txirrindulariei merezi zituzten txaloak eskaintzera.
Lasterketa oso gogorra izan zen. Atera ziren erdiek besterik ez zuten amaitu, 50ek. Denetan azkarrena Simon Carr izan zen, Nippo Delko taldekoa. «Oso lasterketa gogorra izan da. Halere, amaierara oso hanka onekin heldu naiz», kontatu zuen britainiarrak. «Zortea ere izan dut. Horrenbeste erasorekin zaila zen mozketa ona zein izango zen ikustea». Altzo eta Amezketa artean zazpikote bat osatu zen eta guztiak atzean utzi zituen Abaltzisketako bosgarren eta azken igoeran.
42 kilometro orduko bataz bestekoa egin zuen. Ibilbidearen gogortasuna eta kontrako eguraldia kontuan hartuta, bada zerbait. Ihesaldirik ezin zen osatu, eta erasoari erasoarekin erantzuten zioten. Tropela geroz eta finagoa zen, aleka-aleka jendea atzera gelditzen zelako, ezinean. Bosgarren eta azken itzulia hasterakoan, 30 bat txirrindulari zoazen talde nagusian. Buruan, ilara berde bat, Caja Rural-Seguros RGA taldearena. Nafarrek hartu zuten kontrol lana egiteko ardura eta Cepeda saiatu zen lana errematatzen. Urrutitik jo zuen, Altzorako igoeran, baina ez zuen alde egitea lortu. Galbahe lanak egin zituen ordea, eta zazpikote bat gelditu zen aurrean: Anacona (Ark), Ledanoiz (Ark), Amezketa (CR), Cepeda (CR), Cuadrado (Eus), Carr (Nip) eta Murphy (Ral). Abaltzisketan gora Cepeda eta Anacona saiatu ziren taldea hausten, baina atzokoan indarrak oso parean zeuden. Carrek azken unean egin zuen ihes, hamar kilometroren faltan, gaina harrapatzera zihoazenean. Mendiko pankartapean segundo batzuetako errenta zuen, aldapa behera Ordiziara iristeko nahikoak. 36 segundoko tartearekin helmugaratu zen.
Murphyk egin zuen bigarren eta Anacona izan zen hirugarren. Cepedarekin batera, esprintean jokatu zituzten ohorezko postuak. Fotofinishak ebatzi behar izan zuen sailkapena. Cuadrado, lehen euskal herritarra, ia minutu batera sartu zen. Gainerako txirrindulariak banan-banan helmugaratu ziren. Tantaka, ari zuen euria bezala.
Bravo, goierritar bakarra
Goierritar bakarrak hartu zuen parte, Gari Bravo lazkaotarrak. 36. postuan amaitu zuen, irabazlearengandik 13 minutu eta 14 segundotara.
Ordiziako Klasikoa ez jokatzeko eguraldi txarra edo pandemia baino zerbait handiagoa beharko du izan. 97 ediziorekin Euskal Herriko proba aktiborik zaharrena izateaz gain, 1938. urtetik etenik gabe jokatu da.
Pedalak eragiteari uzten bazaio bizikleta gelditu eta erori egiten da. Probaren antolatzaileek egokitu egin behar izan dute pedalkadaka mantentzeko eta jarraikortasuna bermatzeko. Santa Ana jaietan egin beharrean atzeratu eta ikusleen kopurua mugatu beste erremediorik ez zuten izan. Antolatzaileak albo batean zeuden sari banaketan, baina beraiek ere txirrindulariek adina txalo merezi dute.