Insausti, Ganzarain eta Aranburu omendu dituzte
Jose Maria Insausti urte askotan izan da probako antolatzaile. Aurten hil da, eta bere senitartekoek moztu dute aurten zinta; Ganzarain eta Aranburu garaile ohiak ere omendu dituzte
Jose Maria Insaustiren senitartekoek moztu zuten Ordiziako Klasikoaren hasiera irudikatzen duen zinta. Egoerak behartuta Beti Alai frontoian egin zuten omenaldia, atzean txirrindulariak beharrean txistulariak zituztela. Insausti urtarrilean hil zen bihotzekoak jota, eta antolakuntzak bere lana aitortu nahi izan zuen.
Klasikoko antolatzaileek aitortu zuten ez dela erraza izango bere hutsunea betetzea, «bere lan onaren poderioz ia ezinezkoa baita». «Ez dugu ikusiko helmugara iristean autoak desbideratzen, baina beti izango dugu gogoan horiek antolatzen ditugunean. Beti arte, Jose Mari maitea».
Ordiziarrak 50 urte egin zituen txirrindularitzari lotuta, ia bizi osoa. 70. hamarkadan hasi zuen bere txirrindularitza jarduera, Peña Juarezen. Bertako presidente izatera iritsi zen. Ordiziako Klasikoa antolatzen ere lan eskerga egindakoa da: bere lehen parte hartzea 1977. urtean egin zuen, Kas taldeko autoan komisario laguntzaile gisa. Alor askotatik igaro ostean, 2006. urtean antolakuntza zuzendari izatera heldu zen. Era berean, Espainiako Txirrindularitza Federazioko Kronometratzaileen elkargoko kidea zen eta Gipuzkoako proba gehienetan epaile lanak egin zituen, baita goi mailako lasterketetan: Euskal Herriko Itzulian, Euskal Bizikletan, Donostiako Klasikoan…
Bi txapeldun, aurrez aurre
Juan Cruz Ganzarain eta Vicente Aranburu txirrindulari ohiak ere omendu zituzten, probako garaileak biak. Ganzarainek 1946 eta 1947 urteetako edizioak bereganatu zituen eta Aranburuk 1949. urtekoa.
Biek aipatu zuten euren garaiko eta egungo probak ez duela zerikusirik. Aranburu garaile irten zen edizioan Ordiziako proba ez zen klasikoa izan, bi etapa izan baitzituen. Ganzarainenak klasikoak izan ziren, baina 60 kilometro pasatxokoak. Hau da, egun baino ehun kilometro gutxiago.
Bi txirrindulariek pozik jaso zuten aitortza, senitartekoen berotasunean. Gainera, aspaldi elkar ikusi gabeak ziren eta berritu zituzten kontu zaharrak.