Txomineneko pasoak, 65 urte
Txomin Zubeldia ardo eta likore banatzaileak 1955.ean ireki zuen denda Kale Nagusia eta Nafarroa kalea lotzen dituen kantoian. Haren izenarekin ezagutzen da orain pasabide hori.
Herri askotan bezala, Legazpin ere badira izen ofizialaz gain beste izen bat duten kaleak, Serenaneko aldapa, Martxelineneko aldapa edo Txomineneko pasoa horien artean. Santikutz kalean dago lehena eta Patrizio Etxeberria kalearen hasieran bigarrena; toki horietan egon ziren negozio bana gogoratzen dituzte izen horiek.
Hirugarrenak, Txomineneko pasoak, Kale Nagusia eta Nafarroa kalea lotzen ditu, eta orain banketxe bat dagoen tokian Txomin Zubeldia Artanok ireki zuen edari dendari zor dio izena. Urriaren 30ean 65 urte bete ziren inauguraziotik eta orain beste kokapen batean badago ere, negozioak zutik dirau hirugarren belaunaldiaren eskuetan, eta sortzailearen izena mantenduta.
Ardo salmentarekin hasita
Albaltzisketatik iritsi zen Txomin Zubeldia Legazpira 24 urte eskas zituenean. Negozio bat irekitzeko Gipuzkoa osan zehar leku bila ibili zen, eta ardo salmenta hasteko toki aproposa iruditu zitzaion herria.
Nafarroa kalean ireki zuen lehen lokala, 1944ko irailean, gaur arraindegia dagoen inguruan. 800 litroko bolumena zuten kupelez hornitu zuen, eta hala abiatu zuen negozioa, Iruñeko Taberna Hermanosetik ekarritako ardoa salduz. Bezero partikularrak garrafoiekin joaten ziren, eta Zubeldia bera herriko tabernariei ere ardoa saltzen eta banatzen hasi zen, bizikletari erantsitako gurdi txiki batekin. Lokalean Mikaela arreba geratzen zen bezeroei arreta eginez; gerora Maria Etxeberria emaztea hasiko zen lan horietan.
Poliki-poliki edarien eskaintza handitzen joan zen, eta lokala handitu bazuen ere, txiki geratu zitzaion eta kalean gora egin zuen beste egoitza baten bila. Nafarroa kalea eta Kale Nagusia lotzen zituen pasabideko lokala aukeratu, eta han ireki zuen biltegiak eta dendak izena utziko zion luzerako inguru horri. Gaur egun ere oraindik Txomineneko pasoa edo kantoia deitzen diote legazpiarrek.
Negozioaren zabalkundea
Legazpitik Gipuzkoa erdira zabaldu zuen Zubeldiak edari banaketa. Ardoa, El Leon markako garagardoa, Las Cadenas anisa, pontxea, pattarra, La Casera gaseosa… Tolosatik hegoalderako herrietan banatzen hasi zen, ordurako kamioia erosita zuela. Dendan, emaztea egoten zen.
Negozioak hartu zuen tamainagatik, lokal berria ere txiki geratu, eta 1970.ean biltegia Bikuña auzora eraman zuten. Langileak ere kontratu zituen Zu- beldiak bulegorako eta biltegirako, eta banaketak egiteko. Jose Mari eta Joakin semeak ere hasi ziren lanean berarekin, eta ardura hartu zuten gero. Horien emazteak ere, Mertxe Otaegi eta Mantxoni Plazaolak, negozioan lan egin zuten. Agustin hirugarren semeak ere laguntzen zuen.
Negozioak gora egin zuen berriz ere, eta biltegi gehiago ireki zituzten, Oñatin eta Arrasaten. 1999an hiru biltegiak itxi eta Bergaran zentralizatu zuten zerbitzua. Legazpin denda mantendu zuten, baina oraingoa Plazaola kalean dago. 2005ean itxi zuten bi kaleen arteko pasabideari izena eman ziona.
Ostalaritza itxita, edarien sektorea larri
Legazpiko Plazaola kalean dago Txomin Zubeldia ardo eta likore denda 2005etik. Hantxe egin dute hitzordua Zubeldiatarrek arratsalde batean, argazkia ateratzeko. Gaur negozioa daraman eta hirugarren belaunaldia osatzen duten Jokin eta Xabier Zubeldia anaiek, aita Jose Marirekin, osaba Agustinekin, eta Xabierren emazte Idoia Azurmendirekin azaltzen dira irudian. Idoia da Plazaolako dendako arduraduna orain, bere amaginarreba Mertxe Otaegi jubilatu zenetik.
Ostalaritza itxita egoteak egin du posible argazkirako hitzordu hori, «tabernak eta jatetxeak zabalik egon balira, gu ez ginatekeen hemen izango, baizik eta lanean», esan zuten Jokinek eta Xabierrek. Ostalariei ez ezik, egoera honek sektorean lan egiten duten beste negozio askori ere gogor eragin diela salatu zuten bi anaiek, eta Txomin Zubeldiarena ez dela salbuespena izan erantsi zuten. Bezeroen lokalak itxita, salmentarik ez dute eta banaketa lanik ere ez dute egiten.