Normaltasun itxura, ezohiko egoeran egonagatik ere
Beasaingo nahiz Zegamako herri sarreretan ikusi ahal izan diren kontrolek kontraste handia egiten dute herriguneetako lasaitasun eta normaltasun irudiekin. Herritarrek, pasiorako nahiz kirola egiteko aprobetxatu dute.
Normaltasun irudia eman dute asteburuan Beasaingo eta Zegamako herriguneek, nahiz eta bi herri horien egoera, normaltasunetik urruti egon. Ostiraletik, herri mailako konfinamenduan egon dira biak. Beasainek hala jarraituko du, ostegunera arte behintzat, eta Zegamak, tabernak eta herriko sarrera zabaldu ahal izango ditu gaurtik.
Larunbateko eguraldi ona aprobetxatuta, kalean paseatzeko nahiz mendian edo bidegorrietan kirola egiteko aprobetxatu zuten goiza herritar askok, hori bai, herriko mugetatik atera gabe. Beasaingo Kale Nagusian eta Nafarroa etorbidean ere, jendetza zebilen, erosketak egiten, eramateko kafea hartzen, edota besterik gabe, herrigunetik buelta bat ematen.
Egoeraren berezitasuna herriko sarrera-irteeretan nabari zitekeen. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kontrolak jarri dituzte, autoen eta oinezkoen joan-etorriak kontrolatzeko. Herrira sartu edo bertatik irten nahi zuteneik baimen edo agiriren bat eskatzen zieten, eta gainontzekoei, buelta hartzeko eskatu. Momentuz ez dute isunik jarri, eta kontrolak informazioa emateko izan dira.
Zegaman, lasaiago
Beasaingoaren aldean, jende gutxiago ibili da Zegamako kaleetan. Plazan hainbat haur eta guraso ikus zitezkeen, baita ilararen bat edo beste ere, erosketak egiteko edo eramateko kafea esatzerako garaian.
Herriko sarreran Ertzainek kontrola jarri zuten, sartu irtenak mugatzeko. Gainontzean, bidegorrian edo mendi aldean ibiltzeko aprobetxatu zuten askok. Gaurtik aurrera, lasaitasun handiagoarekin ibiliko dira.