Ardixarra Interpretazio Zentroko marka berria aurkeztu dute Seguran
Iaz 15 urte bete zituen zentroak, eta horren harira hainbat berrikuntza egin dituzte. Merchandising produktuak eta herria ezagutzeko unitate didaktiko bat ere sortu dute
Segurako Ardixarra Interpretazio Zentroak irudi berria dauka. Iaz, 2019an, 15 urte bete zituen, eta hori dela eta, hainbat berrikuntza jarri zituzten martxan. Osasun egoeragatik, dena den, luzatu egin dira eta atzo aurkeztu zituzten. Segurako Udalak 20.000 euro jarri ditu berrikuntza horiek egiteko, eta Zura diseinu eta komunikazio enpresak sortu du marka berria, Iraganera bidaia lelopean.
Julen Larruskain Zurako kideak azaldu duenez, herriaren nortasuna islatu nahi izan dute: «Herri marka bezala ulertuta garatu dugu; Ardixarrak ibilbide luzea du herrian eta kontakizuna eta diskurtsoa Seguraren diskurtso bat ere bada». Marka, beraz, modu kontzeptualean landu dute eta, grafikoki, Erdi Aroko elementu esanguratsuenak erabili dituzte, marka «fresko eta jostagarri bat» eratuz: «Seguraren iraganera bidaia bat da Ardixarra zentroa».
Irudi berriaz gain, aldaketarik esanguratsuena edukiaren banaketa izan dela esan du Iosune Arrondo kultura eta turismo teknikariak: «Interpretazio zentroa bigarren solairuan zegoen, eta orain hiru solairuetan kokatuta dago». Sarreran, herrian kokatzen laguntzen duen bideo berria ere jarri dute, eta Marigorrik egiten ditu gidaritza lanak: «Aurretik ipuinetan agertzen zitzaigun eta hori ere errekuperatu dugu», azaldu du Izarra Urdalleta alkateak. Zentroko leiho batean ere aurki daiteke Marigorri azti ibiliz gero.
Herria ezagutzeko aukera
Merchandising berria ere sortu dute, dagoeneko salgai dagoena Ardixarran bertan: besteak beste, tote-baga, koadernoa edo giltzatakoak daude eskuragarri. Asteburuan unitate didaktiko bat jarriko dute abian, Segura ezagutzeko modu «dibertigarria» izango dena: «Pistak edota irudiak bilatu behar dira eta eskuorria betetzen joan, modu dinamiko batean ikasteko», azaldu du Pia Alkain Ardixarrako arduradunak. 3 eurotan dago salgai unitatea, eta betetzen dutenek opari bat jasoko dute: «Bertakoei galdetuta edo paneletan bilatuta egin behar da, eta osatutakoan merchandising produktuak banatuko ditugu».