Euskara eta euskaltegien aldeko ekitaldia egin dute Ordizian
AEK-k martxan jarritako "Bultza euskaltegiak! Bultza euskara" dinamikaren baitan egindako ekitaldia gauzatu dute gaur Ordizian.
Helduen euskalduntze mugimendua sustatzeko eta euskaltegiei bultzada emateko asmoz, AEK-k martxan jarritako “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” dinamika gauzatu dute gaur Euskal Herriko 80 txokotan baino gehiagotan. Egitasmoarekin bat egiteko asmoz, Goierriko hainbat herritar elkartu dira gaur eguerdian Ordizian egindako ekitaldian.
Kontatu dutenaren arabera, gaurko eguna ez dute kasualitatez aukeratu, izan ere, Korrika atzeratu behar izan ez balute, gaur bertan bukatuko litzateke. Hala ere, argi utzi dute Korrika ez dela bertan behera geratu eta AEK-n dagoeneko buru-belarri ari direla lanean datorren urtean 22. KORRIKA egin ahal izateko: martxoaren 3tik, apirilaren 10era.
«Euskarak hiztun berri asko irabazi ditu azken hamarkadetan, eta horien artean, hainbat eta hainbat euskaltegietatik atera dira» azaldu du Irati Aldaz beasaindarrak ekitaldi hasieran irakurritako adierazpenean, «horrez gain, Euskal Herriko herritarren %55 erdaldunak dira, eta horregatik euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu».
Euskara sustatzeko hainbat bide daudela adierazi dute, eta hau aurrera eramateko «norberak bere ekarpena egitea ezinbestekoa» dela aipatu du Aldazek: «egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio-kanpainak sustatuz, euskaraz bizitzeko nahia plazaratuz…»
Adierazpenaren irakurketa amaitu ostean, Euskal Herrian euskaraz kantua abestu dute ekitaldira gerturatu direnek, eta amaitzeko taldeko argazkia atera dute.