Aulkitik Osinalderen aldarera
Ordezko gisa azken unean finalera deitutako Gorka Pagonabarraga durangarrak irabazi du 49. Osinalde bertso sariketa. Entzuleek Ane Zuazubiskarri eman diote berea
Ordezkoen aulkitik azken unean zelairatu, eta irabazlearen garaikurra altxatu. Horixe egin zuen larunbatean Gorka Pagonabarraga durangarrak Gabiriako 49. Osinalde Bertso Sariketan. Sei finalistetan zegoen Xabat Illarregik ezin izan du parte hartu; asteazken iluntzean deitu zioten Pagonabarragari, Zaldibian 3. egina zelako; eta segituan baiezkoa eman zuen, eta hitzartuta zeukan beste saio baterako ordezkoa aurkitu ere bai.
Ia dena aldarazi du Covid-ak, eta eragin du Osinalden. Zapatu arratsaldean, Andre Mari elizan eta 80 ikus-entzuleren aurrean jokatu zen sariketa. Ez afal ondoren, elkartean eta 200 entzuleren berotan. «Desberdin antzeman nuen saioa, soziedadean jasotzen den berotasun hori ez nuen sumatu, umore aldetik ere gutxixeago joan zen, seguru asko giroagatik», dio Jokin Murua antolatzaile-aurkezleak.
Hala eta guztiz, baleko bertso saioa izan zen. Pagonabarraga oso erregular aritu zen, eta harekin paretsu, nola bertsotan, hala puntuazioan, Ane Zuazubiskar arrasatearra. Entzuleek hura bozkatu zuten gustukoenentzat. Aroa Arrizubieta, Ibai Amillategi, Urko Arregi eta Unai Izagirre ziren beste lau bertsolariak.
Bakarkako lanean Pagonabarragak gehiago borobildu zuen gaia, alabak hitz matxistaz beteriko abestiak gustuko izateari buruz. «Ados, arteak izan ditzake /dozenaka erabilpen. / Baina duda dut ez ote duen / jarreretan eragiten» bukatu zuen lehenengoa; «Ta guk La Polla eta Hertzainak / aitu genituen, aitu. /Ta ez genuen, espero legez, / drogan sartuta amaitu» bigarrena.
Elizan kantatuta, aipamen ugari egin zizkioten horri sei bertsolariek, batez ere hasierako eta bukaerako agurretan. Doinuetan ere bai: Aita jainkoak egin banindu, edo Agur Jesusen ama erabiltzeraino.
50.ari begira jarrita
Bi sari nagusiekin batera, bertso onenarena ere banatu dute, ohi bezala. Urko Arregi oñatiarrak jaso du, zortziko txikian ofiziotan Baserria telebista-programa gaitzat jarrita botatako bigarrenagatik: «Fama irabaztea / anda, anda, anda! /Irabazi behar zen / behin hara joanda. / Ta aurkezle bezela / hor Klaudio Landa. / Hori beti kaletar / lelo bat izan da».
1971ko estreinako saiotik 50 urte bete ditu Osinalde sariketak, aurten. 1972ko eta iazko hutsuneengatik, 49. saioa izan da, ordea. «Ea datorren urtean normal samar egiterik izaten dugun 50.a. Ideia batzuk baditugu, eta berezia egin nahiko genuke, urterokotik desberdindutako zerbait. Elkartean egitea nahiko genuke, hori bai, beste xarma bat daukalako han», dio Muruak.