Nerabeentzako ekintza ugari izango dira Zegamako gaztelekuan
Bele Gazte gaztelekuan hainbat ekintza egiteko aukera izango dute nerabeek ekainean eta uztailean, Zegamako Udaleko gazteria sailak antolatuta. 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak izango dira eta izena emateko epea larunbat honetan, ekainak 12, amaituko da. Abuztuan, itxita egongo da.
Gazteen nahiak eta iritziak kontuan hartuta, 10 ekintza egitea adostu dute. Ekainaren 22an izango da lehenengo ekintza, herriko hainbat txoko txukunduz. Bi egun geroago, ekainaren 24an, Zegaman Orientatuz ekintza egingo dute Anduetza Parketxean. Ekaineko azken ekintza hilaren 29an izango da: erreka zati bat garbituko dute.
Datorren hilabetean ere eskaintza zabala izango dute gazteek. Uztailaren 1ean, Anduetza Parketxean, orientazio kirolaren hastapenak ekintza egingo dute, eta 6an igerilekuan jolasak prestatuko dituzte. Mendi irteera ere egingo dute nerabeek: uztailaren 7an, Aizkorrira joango dira, handik Urbiara eta bertatik Arantzazura.
Uztailaren 13an harrapaketa jolas erraldoia izango da, hurrengo egunean, 14an, Sobrongo abentura parkera txangoa, 20an yoga saioa eta 22an altxorraren bila. Amaitzeko, uztailaren 27an, Murgizelai parkean afaria egingo dute kurtsoari amaiera emateko, eta baita ikasturteko balorazioa eta bingo jolasa.












