Urmuga abentura musikatua Zegamara iritsiko da uztailaren 19an
Anduetzan, 18:00etan, kontzertua emango dute Orkatz eta Orkatz Txiki abesbatzek, Nerea Urbizuk, Gorka Urbizuk, Mattin Lerissak eta Et Incarnatus orkestrak
Urmuga Zegaman izango da uztailaren 19an. Orkatz eta Orkatz Txiki abesbatzek, Nerea Urbizuk, Gorka Urbizuk, Mattin Lerissak eta Et Incarnatus Orkestrak kontzertua egingo dute Aizkorri-Aratz parke naturaleko atarian, Anduetza interpretazio zentroko parkean, 18:00etan. Mendia eta musika uztartzen ditu iaz abiatutako Urmuga egitasmoak, mendiarekiko eta musikarekiko errespetuan oinarrituta. Sarrerak dagoeneko salgai daude Urmugako webgunean.
14 kontzertu egingo dituzte Euskal Herriko menditan, uztailaren 13tik 30era, eta hilaren 31n amaiera festa izango da. «Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen haria da Urmuga», azaldu du Miguel Zeberio Et Incarnatus Orkestrako eta Urmugako zuzendariak. Mendebaldetik ezkerrera doazen urak Kantauri Itsasora joaten dira, eta eskubira doazenak Mediterraneora Ebrotik: «Muga hori muga geografikoa da, baina konturatu ginen mugak banatu baino, lotu egin dutela historian zehar, eta hori da gure asmoa: ekialdea mendebaldearekin lotzea eta iparraldea hegoaldearekin».
Esperientzia berri bat
Hilaren 19an iritsiko da Zegamara abentura musikatua. Proposamena gogotsu jaso dute herrian Osane Leitza Orkatz abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, «proiektu ederra» delako: «Nola ez baiezkoa eman genuen. Ekimen honek mendizaletasuna eta musika uztartzeaz gain, esperientzia berri bat bizitzeko aukera ematen digu, bai musikarioi eta baita entzuleei ere, sentituz, gozatuz eta konpartituz». Kulturak jasan dituen debekuen ondoren, aukera paregabea izango dute jendaurrean prestatutakoa eskaintzeko: «Gogoz egiten duguna abesbatzakook kantua da eta istorio honekin zaila izan da; mundiala iruditu zitzaigun proposamena», agertu du Tomas Lasa Orkatzeko kideak.
Auzolana oinarri
Kulturak «sekulako arnasa» ematen du Zeberioren esanetan, «baina kultura sortzeak ere esfortzua behar» du. Auzolanari esker eramango dute aurrera ekimena eta, beraz, herritarrak deitu dituzte parte hartzera.













