AMPOk lantegi berria irekiko du Dammam Saudi Arabiako industria-hirian
Idiazabalgo AMPO kooperatibak urrats bat eman du bere nazioartekotze planari dagokionez. Saudi Arabian lantegi berri bat irekiko du laster, Dammam industria-hirian, hain zuzen ere. Lantegi berriari esker kooperatibaren «produkzio ahalmen globalak gora egingo» duela adierazi du kooperatibak hedabideetara helarazitako ohar batean. Balbulak muntatzeko guneak, proba bankuak, pintura eta bidalketetarako instalazioak izango ditu. Irailean jarriko dute behin betiko martxan, eta orduan egingo dute irekiera-ekitaldi ofiziala.
Saudi Arabiako Saudi Vision 2030 programa «sendotzen» lagunduko du AMPO Arabiak enpresak adierazi duenez: «Programa horren xedea da ekonomia dibertsifikatzea eta herrialde horrek petrolioarekiko duen mendekotasuna gainditzea». Gas, kimika, petrokimika, ur eta meatzaritza sektoreentzako balbulak ekoitziko dituzte.
Plan estrategikoa
Bezeroenganako orientazioa, nazioartekotzea, AMPO Service bultzatzea, energia trantsizioa eta digitalizazioa izango dira enpresaren 2021-2023 plan estrategikoaren ardatzak. Gaur egun ekoizpenaren %95 bost kontinenteetako merkatuetara esportatzen du AMPOk, %70 Europatik kanpora, eta 800 langiletik gora ditu mundu osoan.













