Kontzientzia sortzea xede
Lazkao Txikiri eta euskarari eskainitako murala egiteko diru bilketa jarri du martxan Emaneurre taldeak. Dagoeneko %85,78a lortu dute ekarpenen bidez
Ordiziako Emaneurre taldeak Lazkao Txiki eta haren esaldi bat mural batean margotzeko diru bilketa abiatu du. Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan da aukeratu duten esaera. Horrez gain, Txindoki, Lazkaomendi eta txoriak ere agertuko dira muralean, eta Lazkao Txikiren eskuetan ordulari bat, bertan euskara irakur daitekeelarik. Herri-proiektua izatea da helburua, eta horretarako ekarpenak egin ditzakete herritarrek Emaneurre-ren webgunean.
4.500 euroko helburu ekonomikoa finkatu dute eta dagoeneko 3.860 euro lortu dituzte, %85,78ari dagokiona, 96 laguntzaileren bidez. Ordiziako Santa Maria kaleko 18. zenbakian margotuko dute murala Nextor Otaño eta Aitor Otaño grafitigileek erronka betez gero. Kultur eta kirol ekimenak antolatzeaz gain, euskararekiko konpromisoa ere badu Emaneurrek. «Taldearen kezka izan da eta da, euskararen etorkizuna. Euskararen egoerak kezkatzen gaitu, bai erabilerak eta baita hizkuntzaren jatortasunak ere. Lazkao Txikik ere bazuen kezka hori, hizkuntzaren iraupenak ez ezik, jatortasunak ere kezkatzen zuen», azaldu du sarean Emaneurrek. Muralaren bidez, Lazkao Txikik euskararekiko zuen kezka azaldu eta kontzientzia sortzea du helburu taldeak, eta baita bertsolaria bera oroitu eta omentzea ere. Ordiziako kaleei nortasuna eta kolorea emango diote hala, eta herriko kultur ondareari ere ekarpena egingo diote.
45 egun faltan
Proiektua crowdfunding bidez finantzatzea da erronka. Finkatutako sostengu ekonomiko horren zati handi bat lortu dute jada, helburua lortzeko 45 egun falta direnean. Emaneurrek jakinarazi duenez, «gutxieneko dirurik» lortzen ez bada proiektua ez dute egingo, eta ekarpena egin dutenei dirua itzuliko zaie. Edozein herritar edo taldek egin dezake ekarpena, kopuru txiki zein handitan, emaneurre.eus webgunean edo taldearekin harremanetan jarrita.