Ataun natural eta benetakoago
Ondare naturala hobetzeko jardueren artean, gaitzak jotako pinudien ordez haritzak landatu dituzte. Urmael bat ere egokitu da, eta saguzarrentzat babes-kutxak kokatu
Ataunek daukan natura-ingurune aberatsa eta zabala, are aberatsago eta zabalago da orain. Ataungo ondare naturala hobetzeko proiektuaren barruan, 2019tik aurten bitarte, hiru jarduera burutu ditu Ataungo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen diruekin lagunduta.
Bertako basoa berreskuratzeko egin da lan bat. Aldarreta-Urbaindi inguruan, xingola marroiaren gaitzak jotako intsinis pinuak kendu, eta hariztia sortzeko urratsak egin dituzte. «Ataungo herri lurretan basoak ugariak badira ere, gehienak pagadiak dira, eta hariztien edo baso mistoen hedadura nahiko eskasa da, zuhaitz estaldura publikoaren %4,5 soilik hartzen dute», dio proiektu txostenak.
Hala, haritz landareak sartu dituzte 7 hektareatan, lizarrak eta urkiak tartekatuta.
Urmaela Aitxu hegalean
Beste jarduera bat, ur geldiko xafla edo urmaela eraikitzea izan da, fauna-talde askorentzat oso garrantzitsuak baitira ur putzuak. Orografia aldapatsuak zailduta, edo zeuden hezeguneak desegin direlako gabezia sumatu dute, eta Aitxu mendiaren hegalean, pagadi batean sortu zuten urmaela, 2020ko udan. Anfibioek eta saguzarrek baliatuko dutela uste dute.
Putzuak 10×7 metroko azalera du. «Urmaela eraikitzeko lan guztiak eskuz egin dira. Makinaria erabiltzeko beharrik gabe, ingurua gutxiago kaltetzea lortu da. Urtebete honetan, dagoeneko «fauna-talde anitzen presentzia» egiaztatu ahal izan da urmaelean: baso-igel gorria, arrabioa, uhandre palmatua eta apo arrunta, anfibioei dagokienez; saguzar espezie batzuk (baso-saguzarra, belarri-luzea, gau-saguzar txikia, pipistreloa), eta ugaztunak (azeria eta orkatza) behatu dituzte.
Azkeneko lan-ildoa, hain zuzen, saguzarrak babesteko izan da. Europako Habitat Zuzentarauak saguzar mota guztiak babesten baditu ere, EAEko basoetan galtzeko arriskuan edo kaltebera gisa 10 espezie mehatxatu aurkitu dira. «Baso habitaten ezaugarri zehatz batzuk behar dituzte atsedenerako edota elikatu ahal izateko. Gaur egun basoak duen egiturak ez die nahiko babesleku eskaintzen, populazio egokiak mantentzeko».
Hori horrela, leku egokietan 30 babes-kutxa edo etxetxo artifizial kokatu dituzte, Aitxuko urmaelaren inguruan distantzia desberdinetara, eta baita San Martingo plazan ere.