Maren Galvez eta Gorka Granado, Euskal Herriko dantza txapeldunak
Segurako Baratze pilotalekuan jokatu da 45. Euskal Herriko dantza txapelketa. Dantza jantzien saria ere eskuratu dute Galvezek eta Granadok. Hamabost bikote lehiatu dira
Maren Galvez eta Gorka Granado dira Euskal Herriko dantzaririk onenak. Larunbatean jokatu zen Segurako Baratze pilotalekuan 45. Euskal Herriko dantza txapelketa, eta Sopela herria ordezkatuz lehenengo saria lortu zuen Galvez-Granado bikoteak. Bigarren izan dira Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, Bergaratik, eta hirugarren Lezoko Katerin Artola eta Iker Belintxon. Azken bikote hori txapeldun izan zen iaz.
Baratze pilotalekua ikuslez bete da aurtengo txapelketaz gozatu eta dantzariak fandangoa eta arin-arina dantzatzen ikusteko. 15 bikote lehiatu dira. Fandangoa txistuz Isilkara Txistulari Taldearen musikarekin edo albokaz Vanessa Ziaurritz, Oihana Irastorza eta Teresa Jareño hirukotearen musikarekin dantzatu dute, eta arin-arina trikitiaz Estanga anaia-arreben musikarekin. Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik lauren ordezkaritza izan da Seguran. Gipuzkoarrak izan dira gehienak, bizkaitar bat eta Iparraldeko bost bikote, nafar-lapurtarrak.
Lorpen hirukoitza
Izarra Urdalleta Segurako alkatearen eskutik jaso dute Maren Galvezek eta Gorka Granadok Segurako Udalaren Sari Nagusia: Aitor Ruiz de Egino eskultorearen garaikurra, 800 euro eta oroigarria, txapela eta lepokoa, eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren trofeoa. Ez da lortu duten sari bakarra izan, dantza jantzien saria eta Bizkaiko lehen sailkatuaren saria ere jaso baitituzte. Txapela Rafa Lezoko dantzari ohi eta epaileari eskaini diote.
Behe Nafarrotik hoberen sailkatutako bikotea Marie Feyri eta Battitt Etchart izan da, Gipuzkoatik Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, eta Lapurditik Oihana Betelu eta Pierre Latasa. Guillermo Areizaga saria, berriz, lehendabiziko aldiz txapelketara aurkezten diren bikoteen artean ongien sailkatutakoari ematen dena, Olatz Azkuek eta Mattin Etxebestek jaso dute.
Udaletxean gordeta
Giro ederra egon da Seguran txapelketaren harira. Larunbat eguerdian, herritarrek Kimua Dantza Kolektiboaren genEroa ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten, eta arratsaldean, txapelketako atsedenaldian ere eskaini zuten ikuskizuneko zati bat. Aurten, gainera, berrikuntza bat izan da txapelketan: lehen aldiz fandangoa albokaz dantzatzea aukeratu dute zenbait bikotek. Galvezek eta Granadok Sopela herria ordezkatuz irabazi dutenez sari nagusia, Sopelako udaletxean gordeko dute Ruiz de Eginoren eskultura. Bertan egongo da hurrengo txapelketa jokatzen den arte. 46. txapelketan erabakiko da Euskal Herriko beste udaletxeren batean gordeko den ala ez.












