Asier Liren Simone de Beauvoirren inguruko lana kalean da
Asier Lik Simone de Beauvoirren Bigarren sexua lanean oinarritutako konposizioa pasa den astean aurkeztu zuen, Musikasten. Gaur egungo feminismoaren oinarriak ezarri zituen liburua ordubete pasako errezitaldi batera murriztu du eta musika jarri dio. Jone Martinez sopranoak eta Bilbao Sinfoniettak interpretatzen dute.
Bigarren sexua hezurretaraino zukutu duen arren, Martinezek Irene Arraratsek Eskafandra bildumarako egindako itzulpenaren esaldi originalak era barrokoan errezitatzen ditu. Tartean, ganbara taldeak tonalitatea ematen dio musikarekin. Lik azaldu du konposizio bakarra dela, nahiz eta bakoitzak bere aldetik ere baduen zentzu artistiko osoa.
Sinfoniettak egindako eskari bat da. Lik azaldu du enkargua jaso zuenerako Bigarren sexua lantzen hasia zela, eta bi nahiek bat egin zutela: «Duela urtebete inguru hasi nintzen: irakurri, azpimarratu, laburtu, azpimarratu, laburtu…», oroitu du. Bigarren sexua beharrezkoa eta gaurkotasun handiko lana dela dio, eta interes filosofiko handia pizten diola. Horregatik hautatu eta landu duela aipatu du. Hala, libreto bat sortu zuen eta, ondoren musika. Azken emaitza taldean aurkezten duten arren, lan bakartia dela aitortu du.
Urtebeteko lana ordubetean ikustea sentsazio «gazi-gozoa» izan zela azaldu du sortzaileak. Kontuak kontu, emanaldi gehiago lortzeko lanetan dabil. Esaterako, Bilboko Arriaga antzokian joko dute azaroaren 13an. Sarrerak salgai daude jada. Goierrin oraingoz ez dute emanaldirik adostuta.
Goierritar gehiago
Beasaindarra ez zen Musikasten parte hartu zuen goierritar bakarra. Gorka Hermosa akordeoi-jotzaile urretxuarra ere bertan izan zen. Zikloa zabaldu zuen kontzertuan izan zen, Alain Maiarekin eta Garikoitz Mendizabalekin batera. Musikaste euskal musika ezagutarazteko Errenterian egiten den zikloa da.












