Segurako XVIII. ipuin, bertso eta marrazki sariketa martxan da dagoeneko
Azaroaren 24an izango da ikastetxeetan lanak aurkezteko azken eguna, eta hilaren 26an Segurako Elorri Elkartean. «Euskal mitologia gaurkotzeko» aukera eskaintzen du sariketak
Segurako Elorri eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteek antolatutako XVIII. ipuin, bertso eta marrazki sariketa abian da. Sari banaketa abenduaren 11n izango da. Azaroaren 24a baino lehen aurkeztuko dituzte lanak parte hartzaileek ikastetxeetan, eta hilaren 26a izango da azken eguna Elorri Elkartean aurkezteko. Iparraldekoek ere hilaren 26ra arte izango dute aukera, eta Xaia ostatuan entregatu beharko dituzte proposamenak.
Segurak, Zeraingo eta Mutiloako haur eta gaztetxoaz gain, Iparra-Hegoa aste kulturalean partaide izandako ikastetxeetara eta Bertso Eskoletara ere hedatu dute ekintza. «Euskal Herriko haurren, esamolde eta euskalki ezberdinez, elkar ezagutu eta aberasteko egokiera izango dugu», azaldu dute ohar batean antolatzaileek. Xabier Albizu antolatzaileak azaldu duenez, «euskal mitologia gaurkotzeko eta euskaraz idazten trebatzeko» aukera eskaintzen du sariketak.
Ipuinak, marrazkiak edo bertsoak aurkeztu ahalko dira. 6 eta 7 urte artekoentzako gaia Olentzero gaixo dago izango da, ipuina orrialde batekoa eta bi kopla edo bertso; 8 eta 9 urte artekoentzakoa Olentzero eta Mari Domingi ekaitzak harrapatuta dabiltza, bi orrialdeko ipuina idatzita edo 3 bertso edo kopla; eta 10 eta 11 urte artekoentzako gaia, aldiz, Bere etxe edo herritik ihes egin behar izan duen haurrari, nola ekarriko dizkiote opariak Olentzero eta Maridomingik? izango da. Azken horiek bi-hiru orrialdeko ipuina edo 4 bertso aurkeztuko dituzte.
Ipuinak banaka egin eta aurkeztuak izango dira, marrazkiek ere banaka eta orijinalak izan behar dute, eta bertsoak banaka edo binaka egingo dituzte lehen bi adin taldekoek, eta azken adin taldekoek banaka.
Opariak denentzat
Sari banaketa abenduaren 11n izango da, eguerdiko 12:00etan, Segurako Botikaxahar kulturgunean. Sariketara inguratzen diren partaide guztiek opari bana jasoko dute. Aurten ez da hamaiketakorik egingo osasun egoera dela eta. Haurrek egindako lanak izango dira. Antolakuntzak eskatu du gurasoen edo irakasleen laguntza berezirik ez izatea.












