Bertsolarien zahar egoitzetako saioak bihar hasiko dira, Lazkaon
Bertso saioak adinekoen egoitzetara egiten hasiko dira berriro, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren artean. Adin adin egitasmoan, egoiliarrentzat 15 saio egingo dira Gipuzkoan; atzo izan zen lehenengoa, Tolosan, eta abenduaren 2ra arte jarraituko dute.
Goierrin, hiru zahar etxetara joango dira bina bertsolari. Eskualdeko lehenengo saioa bihar da, Lazkaoko Txindoki egoitzan. Maddi Aiestaran beasaindarra eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan. Beti bertsolari gazte bat eta adinduago bat joango dira.
Hurrena, Legazpiko Santikutz egoitzaren txanda izango da, Goierrin. Azaroaren 26an da hango saioa, Ane Beloki legazpiarraren eta Anjel Mari Peñagarikanoren ahoetatik. Azkenik, Segurako San Joan egoitzan, azaroaren 30ean, Oihana Iguaran eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan hango egoiliarrentzat.
«Garrantzia eta onura»
Pandemiaren aurretik ere egiten zituzten Adin adin egitasmoko saioak, eta orain heldu diete berriro. Proiektua «haziz» doala, eta bertso saioek egoitzetan bizi direnentzat «garrantzia eta onura» dakarrela esan dute Diputaziotik. Aurretik, bertso zaharrak eta kantuak lantzen dituzte.












