Udalak %1,5-eko igoera onartu du 2022ko ordenantza fiskalean
Idiazabalgo Udalak hilaren 4an egindako Osoko Bilkuran ordenantza fiskalean %1,5 euroko igoera egitea onartu zuen. Orokorrean igoera aplikatuko bada ere, herritarrek ordaintzen duten zaborraren tasak ez du igoerarik izango. Aldaketa industria arloko zabor tasetan izango da. «Orain arte enpresaren langile kopuruaren araberakoa ordaintzen zuten eta 2022tik aurrera edukiontzirik ez dutenek orain arteko tasa ordainduko dute eta errefuxaren edukiontzia dutenek, edukiontziko ordaindu beharko dute», azaldu du Iñaki Alberdi alkateak.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga proportzionaltasun batean kobratuko dira. «Zaldi potentzia txikiena dutenek gutxiago eta alderantziz. Autoen kasuan auto jabeen %43ak gutxiago ordainduko du, eta motorren %46ak ere gutxiago». Gainontzeko ibilgailuen zerga bere horretan mantenduko da. Jarduera ekonomikoaren gaineko zerga ez da igoko, eta enpresa sortu berrientzako hobaria ezarriko da lehenengo urteak errazte aldera. «Gutxieneko kuota ordaintzen duten jarduerek lehenengo 3 urteetan %50, %30 eta %10eko hobaria izango dute, hurrenez hurren». Energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioetatik abiatuta energia hori erabili eta ekoizten dutenek eta langileei zuzendutako garraio plan bat duten enpresek %10eko hobaria izango dute.
Tasen igoera
Autokarabanen zerbitzuak izango du aldaketarik nabarmenena. Parkina urteko 100 eurotik 150 eurora igoko da. Hilerriko tasak, aldiz, «udalari kostatzen zaion preziora moldatu» direla adierazi du alkateak. Gainontzeko tasak %1,5 igoko dira. «Udalak ematen dituen zerbitzuen kostuaren zati bat finantzatzeko dira eta horien jasangarritasuna bermatzeko beharrezkoak dira».













