'Hizki hazka' literatur aretoa gaur irekiko dute Kultur Etxean
Alfabetoa protagonista duen Hizki Hazka haur eta gazte literatur aretoa irekiko dute gaur Kultur Etxean. Galtzagorri elkarteak egindako erakusketa Udal Liburutegiak ekarrita iritsi da Legazpira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du. Gaurtik abenduaren 10era arte egongo da ikusgai, 17:30etik 20:30era bitartean.
Hizki Hazka literatur aretoan, hizkiak eta hitzak dira hizpide. Haurrentzat pentsatuta badago ere, abezearekin jolastu nahi duen edonorentzat da aproposa. Literatur ibilbide bat egitea proposatzen da erakusketan, hizkiak ezagutzeko, hitzak eratzeko eta istorioekin amaitzeko.
Aldi berean, euskal haur literaturaren alorrean azken urteetan argitaratzen hasiak diren abezearen liburuak aztertu eta arakatu ahal izango dituzte haur eta gazteek aretoan.
Erakusketara edonor joan daiteke, publikoari begira irekita dagoen arratsaldeko ordutegiaren baitan, baina goizetan bestelako bisitariak izango dira bertan, herriko ikastetxeetako haurrak. Horiei zuzenduta bisita gidatuak antolatu ditu Udal Liburutegiak. Domingo Agirre eskola publikoko eta Haztegi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 3. 4. eta 5. mailako ikasleek egingo dituzte bisita gidatu horiek, goizeko eskola orduetan.
Erakusketa osatu duen Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak dioenez, «hizkiekin hasten da literatura», eta abezearekin jolas egiten dutenean, «haurren irudimenari, sormenari eta sentipenei lekua ematen zaie».
Liburutegia Gabonetan
Udal Liburutegia, bestalde, irekita egongo da datorren astean, abenduaren 9an eta 10ean, ohiko ordutegiarekin, baina abenduaren 7an itxita egongo da.
Gabonetako ikasleen opor egunetan ere zabalik mantenduko du zerbitzua, honako lau egun hauetan izan ezik: abenduaren 24an eta 31n egun osoan egongo da itxita, eta urtarrilaren 7an ere bai.












