Foru Aldundiko turismo zuzendaria bisitan, herriko altxorrak ezagutzeko
Iker Goiriak Mirandaolako burdinola eta Txillida Lantokiko zineari buruzko erakusketa bisitatu ditu. Udaleko, Lenburreko eta eskualdeko turismo saileko ordezkariak izan ditu gidari
Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria Legazpin izan zen atzo bisitan, herriko baliabide turistikoak ezagutzen. Mirandaolan izan zen lehenik, eta bertan burdinola martxan ikusteko aukera izan zuen. Ondoren, Txillida Lantokiaren ondoan dagoen Fabrika aretoa eta bertan ikusgai dagoen Zineak 100 urte Legazpin erakusketa bisitatu zituen.
Koldobike Olabide alkateak egin zituen gidari lanak, Maite Lonbide eta Iñigo Imaz zinegotzien laguntzarekin. Lenbur Fundazioko zuzendari Agurtzane Elustondo ere ondoan izan zuten, Urola Garaia Turismo saileko Amaia Retarekin batera. Lenburreko kide eta zineari buruzko erakusketaren antolatzaileetako bat den Aurelio Gonzalezen laguntza ere izan zuten Fabrika aretoan.
Alkatearen gonbidapena
Legazpira, alkatearen gonbidapenari jarraituz joan zela azaldu zuen Iker Goiriak, eta turismo aldetik Gipuzkoako barnealdea promozionatzeko Aldundian duten estrategiaren markoan kokatu zuen bisita. «Toki tipikoetatik aterata badauzkagu altxor handiak, eta udalerri eta eskualde indartsuak, gauza asko egiten dituztenak», esan zuen, eta «hori balioan eta agerian jarri behar da». Txillida Lantokia eta bertan ikusgai dagoen erakusketa, eta Mirandaolako burdinola eta Olentzero tailerrak aipatu zituen adibide gisa.
Bestetik, barnealdeko eskaintzak urte osoko turismoari egiten dion ekarpena nabarmendu zuen, «hemen urte osoan zehar mugitzen da turismoa, ez udan bakarrik», eta hain zuzen, horixe bultzatu nahi du Aldundiak.
Laguntza eske
Koldobike Olabide alkateak, bere aldetik, pandemiak turismoaren sektoreari egindako kaltearen testuinguruan kokatu zuen Goiriari egindako gonbidapena, «Legazpin merkataritzan eta ostalaritzan ere eragina izan duelako». Datuak eman zituen gainera: « 2019an 30.000 pertsonatik gora etorri ziren Legazpira, eta 2020an, 6.500 besterik ez. Aurten datuak hobeak dira, urrira arte 5.600 lagun etorri dira, eta orain Olentzerorekin gehiago etorriko dira. Baina Olentzero ikustera 2019an 12.000 pertsona etorri ziren, eta aurten, murrizketak eta beldurrak tarteko, ez dira hainbeste izango».
Barnealdeko baliabideak indartzeko Aldundia egiten ari den lana izan zuen hizpide ondoren Olabidek. «Kostaldetik eta hondartzatik aparte barnealdean baditugu altxorrak, eta horiek zirkuitutan nola txertatu eta nola uztartu ikusteko modurik onena hona etorri eta ezagutzea da». Atzoko bisita baliabide horietako batzuk erakusteko izan zela azaldu zuen ondoren, eta elkarlanerako laguntza eskaera bat ere izan zela gehitu zuen.
«Gu laguntzeko beti prest» erantzun zion Goiriak. «Top jardueretatik kanpo dauden beste jarduerei babesa ematea oso inportantea da guretzat».












